Viveros San Antonen harrobiko Jon Agirre, profesionaletara

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko urr. 11a, 10:05

Heiko Mateos, ziklo krosean

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko harrobian hasi eta hazitako Jon Agirre arroarra datorren denboraldian profesionala izango da Ken Pharma talde nafarrarekin.

Kontinental mailako taldea izango da, baina bere asmoa mailaz igotzen joatea da. Talde hau Lizarte talde afizionatutik elikatuko da, baina inguru horretatik kanpo, dituen ezaugarriengatik eta egin duen denboraldiak aukera ematea merezi duela iritzita, Jon Agirre (Baque-Ideus-BH) ere fitxatu du. Zumaiako Txirrindulari Elkartea oso pozik dago, izan ere bertatik urratsa emango duen hirugarren txirrindularia da Agirre: Gaxento Oñaederra (Fagor), Iban Iriondo (Euskaltel-Euskadi) eta Jon Agirre (Ken Pharma). 

Jon Agirre Viveros San Anton babesle denetik lehen ziklista da urratsa ematen. Zumaiako Txirrindulari Elkarteak zoriontzearekin batera, onena opa dio Jon Agirreri eta profesional mailan egin lezakeen bide luze eta oparo baten hasiera izan dadila Juanjo Orozen zuzendaritzapean hastera doana. Elkarteko Txirrindulari bat profesionaletara heltzea garrantzitsua da, taldean egiten den lana balorean jartzearekin batera, gaztetxoei bultzada ematen baitie lanean segi, eta Jon Agirre bezalako txirrindulari bat ispilu hartuta, ametsa lortzeko bidea egiteko.

Ziklo krosa

Euskal Herriko ziklo kros denboraldia bihar hasiko da Urduñan, baina Viveros San Antongo Ander Altunak eta Heiko Mateosek Kantabrian estreinatu zuten denboraldia aurreko asteburuan. Ziklo krosean hain ohiko diren matxurak, erorikoak, tarteko emaitzak, ez ziren nahi bezalakoak izan, baina hasteko egindako lasterketak ez dira txarrak izan. Ander Altunak junior mailan debuta egin du eta Cartesen 21. bukatu zuen, lehen zortziren artean zihoanean matxura izan eta oso atzeratuta gelditu ondoren; Corralesen, berriz, zazpigarren Bukatu zuen. Heiko Mateosek ere izan zituen gorabeherak, Cartesen 15. bukatu zuen eta Corralesen 21. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina egutegia bete-betea dator: bihar Urduñan eta igandean Burgosko Fresnon izango dituzte karrerak.

Viveros San Antongo beste kadete eta junior multzo bat pistan ibiliko da neguan, lasterketak azaroan hasiko dira baina entrenatzen hasi dira dagoeneko. Asteazkenean ekin zioten prestaketari; lehen pedalkadak eman zituzten Antonio Elortza belodromoan eta aurrenengoz Mattin Salegi kadete berriak piñoi fijoarekin ibiltzea zer den ezagutu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide