Viveros San Anton ahaleginak bikoizten

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko aza. 22a, 10:58

Pistako denboraldiari gogotsu eta indartsu ekin diote Viveros San Anton-Zumaiako T.E.ko ziklistek. Ziklo krosean, berriz, lokatzetan gozatzen jarraitzen dute.

Pistako Bioracer torneoari estreinu dotorea eman diote Viveros San Antongo txirrindulariek. Kadete mailan Scratchean txanda ezberdinetan lehiatu ziren (parte hartzaileen kopurua inoiz baino handiagoa, izan da, 60): Aritz Eizagirre zazpigarren sailkatu zen, Mattin Salegi debutaria ere zazpigarrena izan zen, eta Garazi Bergara, harmargarrena (nesketan kadete, junior eta eliteak, denak batera korritzen dute). Hasiera polit horren ondoren, puntuaketan ere lan ona egin zuten hirurek: Garazi Bergara zortzigarren sailkatu zen, Mattin Salegi hamaikagarren eta Aritz Eizagirre, hamabigarren.

Junior mailan Tempon Kimetz Etxabe laugarren sailkatu zen, Aitor Agirre seigarren eta Mikel Mancisidor hamalaugarren. Guztira, 30 izan ziren parte hartzaileak. Puntuaketan, berriz, aparteko lasterketa egin eta ikuskizun ederra eman zuten Viveros San Antongo txirrindulariek elkar ondo hartuta: Aitor Agirre hirugarrena izan zen, Kimetz Etxabe zortzigarrena, eta beste txandan, Mikel mancisidor zazpigarren sailkatu zen.

Asteburu honetan Tafallan eta Berrizen lehiatuko dira. Tafallan Bioracer torneoko lehiaketa izango da, uholdeetan kaltetutakoen alde antolatuta. Berrizen, aldiz, Espainiako ligako lehiaketa jokatuko da, beti ere euririk egiten ez badu, Berrizko belodromoa ez baita estalia.

Datorren astean Bordelen parte hartuko du Gipuzkoako pistako selekzioak (ez dute baieztatu proba jokatuko den), eta selekziora deitu dituzte Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe Viveros San Antongo ordezkariak.

Ziklo krosean Amorebietan lokatzetan ia itota, gozatu egin zuten taldeko bi ziklo kroslariek. Ander Altunak jubeniletako bere lehen denboraldian laugarren postuan amaitzea lortu zuen; kadete mailan, berriz, Heiko Mateos hamaseigarrena izan zen.

Ziklo kros denboraldia bete-betean sartuta dago egutegian: asteburu honetan Garain eta Beasaienen parte hartuko dute Altunak eta Mateosek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide