Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe, Bordelera

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko aza. 29a, 09:52

Pistako denboraldia hasi berritan, bi aste besterik ez probak hasi direla, Viveros San Antongo txirrindularien pedal kolpeak hautatzaileen arreta deitu dute. Junior mailako debutean, Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe Gipuzkoako selekzioarekin Bordelen leihatuko dira, bertako Neguko Sarian. 

Bordeleko belodromoa oso berezia da, egurrezkoa, azkarra (gogoratzekoa da, adibidez, Migel Indurainek bertan ondu zuela ordubeteko marka), ikusgarria da, eta bertan Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek aurkituko dituzten aurkariak Frantziako onenetakoak izango dira, bertako selekzioetako kideak, inguru horretan asko lantzen baita pista, eta errepideko izen asko ere bertatik pasatakoak dira. Aitor Agirrek eta Kimetz Etxabek asko ikasiko dute, sufritzearekin batera, Bordeleko proban. Baina maila hauetan ikasteko daude eta horretarako onena beti onenen artean ibiltzea da, oraina baino gehiagorako etorkizunerako lan egin behar baita.

Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe Bordelen izango direnez ezingo dute parte hartu Bio-racer torneoko hirugarren jardunaldian. 

Aurreko asteburuan Tafallan korritu zuten eta Kimetz Etxabe nabarmendu zen junior mailan. Puntuaketan bigarren izan zen eta scratchean laugarren; oso ondo egokitu zen Tafallako pistako ezaugarrietara, eta lehiakorra denez, emaitza oso onekin etekina atera zion Etxabek Tafallako jardunaldiari. Aitor Agirrek beste egoera bat bizi izan zuen, ez zen bere eguna izan. 
Pistako torneoan, Kimetz Etxabe hirugarren tokian kokatu da sailkapen nagusian, Aitor Agirre seigarrena da, baina, lehen aipatu bezala, hirugarren jardunaldian huts egingo dute. Mikel Mancisidorrek, berriz, lanak izan zituen Tafallan eta lasterketak amaitzearekin nahikoa izan zuen; sailkapenean 17. tokian da.

Kadete mailan, Mattin Salegi onenen txandan lehiatu zen, gogotik sufrituz; Aritz Eizagirre B txandan oso eroso ibili zen, maila oso ona emanez, onenen artean lekua duela erakutsiz. Aritz Eziagirre tempon zortzigarren sailkatu zen eta puntuaketan bigarren; sailkapen nagusian 14.a da. Jardunaldi honetan onenen txandan izango da. Mattin Salegi 30.a da sailkapenean.

Garazi Bergara zumaiarrak, kadetea izan arren, beste mailetako neskekin lehiatu behar du pistan; hala ere, kadeteen artean, onenen pare dabil. Tafallako lasterketetan, tempoan zazpigarren izan zen eta puntuaketan bosgarren; sailkapen nagusian 12. tokian dago kokatuta, eta oraindik hasiberria denez, konfiantza hartzen duenean, eta beldurra galdu, gehiagora joango da gaia badu eta.

Ziklo krosean ondo

Pistaz gain, ziklo krosean ere asteburu ona izan da Viveros San Antongo txirrindularientzat. Lokatzez jositako zirkuituetan, denboraldiko emaitzarik onenetakoak lortu dituzte Heiko Mateosek eta Ander Altunak. Garain, larunbatean, Ander Altuna junior mailan laugarren sailkaptu zen eta Heiko Mateos kadeteean hamabigarren. Igandean, Beasainen, Ander Altuna bosgarren izan zen, eta Heiko Mateos 22.  

Ziklo kros denboraldia bere erdigunera heldu da, oso lasterketa garrantzitsuak datoz, eta horiei aurre egiteko prest dira Ander Altuna eta Heiko Mateos. Asteburu honetan lasterketa bakarra dute, bera Abadiñon larunbatean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide