Maila onean, Bordelen, Kimetz Etxabe eta Aitor Agirre

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko abe. 7a, 09:27

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko Kimetz Etxabek eta Aitor Agirrek maila ona eman zuten Bordelen jokatutako puntuazioko neguko txapelketan. 

Gipuzkoako Selekzioarekin, Abelino Perea ziklista ohiaren zuzendaritzapean, scratch lasterketak jokatu zituzten aurrena puntuazioko finalean parte hartu ahal izateko, eta bai Aitor Agirre eta baita Kimetz Etxabe ere hirugarren sailkatu ziren heuren lasterketetan. Puntuaketako finala gogorra izan zen, baina oso ondo defendatu ziren Viveros San Antongo bi txirrindulariak: Kimetz Etxabek bi esprintetan puntuak hartzea lortu zuen; aitor Agirrek batean, azkenean. Seigarren eta zortzigarrensailkatu ziren. 

Bordelera joan zirenez ezin izan zuten Donostian jokatzen den torneoko hirugarren jardunaldian parte hartu, eta sailkapen nagusian atzera egin dute.  Aurreko larunbateko lasterketetan, junior mailan, Mikel Mancisidorrek puntuaketa lasterketa ona egin zuen, ihes egiten ere saiatuz, aurkarien erasoei ondo erantzunez. Azkenean 13. sailkatu zen. Kanporaketan larriago ibili zen eta 15. sailkatu zen. Hiru jardunaldi osatuta 39 txirrindulariren artean Kimetz Etxabe da sailkapeneko onena, 8. Tokian. Aitor Agirre 20.a da eta Mikel mancisidor 21.a.

Kadete mailako parte hartzaileak hiru txandatan banatu zituzten eta onenen multzoan korritu zuen Aritz Eizagirrek. Tempoa 15. bukatu zuen. Puntuaketan gogotik borrokatuta ondu egin zuen tempoko postua, 12. sailkatuz 19 onenen artean. Mattin Salegik bigarren multzo onenean parte hartu zuen eta tempoa 18. amaitu zuen. Puntuaketan lasterketa buruan zenean oinetako lotura hautsi eta nahikoa lan izan zuen proba bukatzearekin, balio handia eman behar zaiolarik lortutako 16. postuari, zailtasun handiak izan baitzituen pedalei emateko. Sailkapen nagusian Aritz Eizagirre  24. da, eta Mattin Salegi 37.a (guztira 68 txirrindulari daude sailkapenean).

Garazi Bergarak orain arteko lasterketarik onenak egin zituen azaroko azken jardunaldian. Scratchean 8. sailkatu zen eta puntuaketan 4., kadeteen artean onena izanik. Emaitza hauekin Limousingo ziklista zumaiarrak goruntz egin du sailkapen nagusian eta 9.a da 39 ziklisten artean.
Asteburu honetan Antonio Elortza belodromoan bi egunetan izango dira lasterketak: larunbatean Bioracer torneoko 4. jardunaldia jokatuko da eta igandean Gipuzkoako Kopako lehenengoa. bertan Viveros San Antonek junior mailako taldea aterako du, gutxiengo kopurua osatuz hiru junior eta kadete batekin; Aritz Eizagirrek juniorrekin parte hartuko du.

Datorren astean berriz Kimetz Etxabe Sevillara joango da Espainiako Kopan parte hartzera Euskadiko selekzioarekin, debarrak omniuma lehiatuko du.

Ziklo krosa

Pistaz gain ziklo krosean hortxe jarraitzen dute aurkari eta baldintzen kontra lehiatzen Heiko Mateosek eta Ander Altunak. Joan den larunbatean Abadiñon izan zuten lasterketa; Heiko Mateos 20. sailkatu zen, lokatzetan hondoratzen zen zirkuituan, eta Ander Altuna junior mailan 16. ailegatu zen helmugara, barruti gogor batean bere burua ondo defendatuta. Asteburu gogorra datorkie taldeko bi ziklo kroslariei, larunbatean Ametzagan korrituko baitute eta igandean ziklo krosaren katedralean, Igorren. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide