Kimetz Etxabe, Espainiako Kopako podiumean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko abe. 20a, 14:20

Viveros San Anton taldeko Kimetz Etxabe txirrindulariak Espainiako Kopako lehen jardunaldian podiumean amaitu du Sevillan (Andaluzia); Euskal Selekzioarekin lehiatu da estatuko txirrindularirik onenen artean. 

Omniuma hirugarren bukatu du, scratcha irabazi eta kanporaketa bigarren amaitu du. Madisonean, berriz, Asier Pozorekin bikotea osatuz, bigarren sailkatu zen Kimetz Etxabe, Balear Uharteetatako bikoteak bakarrik aurre hartu zielarik.  

Espainiako Kopak dituen hiru jardunaldietatik lehena jokatu dute Sevillan; bigarrena urtarrilaren 18an eta 19an Mallorkan jokatuko da eta, Etxaberen pedal kolpea ikusita, Euskal Selekzioko arduradunek jada erabaki dute Viveros San Antongo ziklista Mallorkarako selekzioan izango dela.

Espainiako Kopan parte hartu zuenez, ezin puntuak defendatu Gipuzkoako challengean. Joan den larunbateko saioan juniorrak nabarmendu ziren. Mikel Mancisidorrek orain arteko mailarik onena eman zuen, batez ere puntuaketan. Pedal kolpea hartzen ari dela erakutsiz itzuli bat hartu zien besteei eta ederki defendatu ohorezko kokapena;  seigarren sailkatu zen. Aitor Agirre, itzulirik hartu gabe, puntuen borrokan sartuta zortzigarren izan zen. Lasterketa dotorea egin zuten Viveros San Antongo bi ziklistek. Scratchean, Aitor Agirre hamargarren sailkatu zen, eta Mikel Mancisidor 17. Sailkapen nagusian Aitor Agirre 11.a da (Proba batean parte hartu gabe), Mikel Mancisidor 16.a eta Kimetz Etxabe 26. (Hiru probatan parte hartu gabe).

Kadete mailan, Aritz Eizagirreri txandarik indartsuenean parte hartzea egokitu zitzaion eta ordaindu zuen; abiadura ikaragarria izan zen, bataz besteko abiadura 44 kilometro ordukoa izan zen. Aritz Eizagirre saiatu zen ihes egiten, baina eustea ere ez zen gutxi, eta azkenean puntuaketa 14. amaitu zuen, eta kanporaketa 18. Mattin Salegik B txandan parte hartu zuen, eta punturik ez bazuen hartu ere, aurpegia eman eta ondo defendatuz osatu zituen lasterketak; kanporaketan 18. sailkatu zen eta puntuaketan 14. Sailkapen nagusian Aritz Eizagirre 24.a da eta Mattin Salegi 36.a.

Garazi Bergarak, kadete mailako bere estreinaldian, berriz ere puntuaketan duen “klasea” erakutsi zuen, 5. Sailkatu zen. Maila guztietako neskek batera parte hartzen dutela kontuan hartu behar da. Tempoa 16. bukatu zuen. Sailkapen nagusian Limusingo txirrindulari zumaiarra hamargarrena da.
Igande honetan pistako challengeko seigarren jardunaldia jokatuko da goizeko 9.45etik aurrera.

Ziklo krosean, Ander Altuna aurreko asteburuan Valentziar herrialdeetan ibili da. Xativan 15. sailkatu zen, eta igandean, Valentzian jokatutako Espainiako kopako lasterketan, gauzak hasieratik okertu ziren. Eroriko batek azken tokian utzi zuen lasterketa hastearekin batera. Atzetik aurrera lasterketa ona egin zuen, baina burutik urrun. Zazpi txirrindulari gainditu zituen baina ez zen hori hara joatera bultzatutako helburua. Asteburu honetan Iruñean eta Araian izango da, Euskal egutegiko lasterketetan. 

Heiko Mateosek, kadete mailan, Oñatin, larunbatean oso zirkuito teknikoan, 19. bukatu zuen. Nahiz eta ordaindu larunbateko esfortzua, igandean Urduñan 14. bukatu zuen. Asteburu honetan Araian parte hartuko du arroarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide