Kadetetan, Mattin Salegik denboraldiko lasterketarik onenak egin zituen, puntuaketan nabarmenduz. Izan ere, ihesaldi ona harrapatu eta seigarren bukatzea lortu zuen. Aritz Eizagirrek talde lan bikaina egin zion pelotoian, eta bera ere gauza izan zen punturen bat urratzeko, bederatzigarren sailkatuz. Tenpoan ere itxuroso defendatu ziren Aritz Eizagirre –13. sailkatu zelarik–, eta Mattin Salegi, 15. Sailkapen nagusian 29. tokian da Eizagirre eta 36.a Salegi. Larunbatean jokatuko den jardunaldian ere B txandan korrituko dute.
Juniorretan kanporaketa proba izan zen aurrena, eta Viveros San Antongo hirurek hamabi lehenengoen artean sailkatzea lortu zuten, 30 txirrindulari inguru lehiatu zirelarik. Banaka-banaka kanporatzen joan ziren eta oso ondo kokatuta, eta buruarekin erabakiak hartuta, Mikel Mancisidor 12. sailkatu zen, Aitor Agirre bederatzigarren, eta Kimetz Etxabe hirugarren. Kanporaketako lan onak puntuaketan jarraipena izan zuen; erasora abiatu ziren eta bata bestearen atzetik hirurak ere ondo saiatu ziren, baina garbi gelditu zen aurkariek ederki zainduta dituztela Viveros San Antongo ziklistak. Azkenean Aitor Agirre bosgarren sailkatu zen puntuaketan, Kimetz Etxabe seigarren, eta Mikel Mancisidor 22. Hirurek elkar ondo hartuta egindako lasterketa dotorea izan zen. Sei jardunaldiren ondoren, eta nahiz eta selekzioekin dituzten konpromisoak direla eta proba guztietan parte hartu ez, Aitor Agirre zortzigarren da sailkpaen nagusian, Kimetz Etxabe hamabigarren, eta Mikel Mancisidor hamabosgarren.
Ziklo krosean Ander Altunak oso asteburu borobila izan zuen; Iruñean larunbatean bosgarren sailkatu zen, eta igandean, berriz, Araian seigarren. Karrera onak egin zituen Viveros San Antongo ziklistak; ezin gauza bera esan Heiko Mateosi buruz; Araian bakarrik korritu zuen, baina ez zuen egun ona izan eta 31. amaitu zuen. Gorputzaldi onena ere ez eta buru makur amaitu zuen lasterketa.
Euskal Herriko ziklo kros denboraldia azkenetan da. Igandean Euskadiko txapelketa jokatuko da Lezaman, eta igandean zortzi, Ormaiztegin, Gipuzkoako txapelketa. Lasterketa horien ondoren ziklo kros denboraldiari pertsiana jaitsiko diogu Euskal Herrian.
Ziklo krosa bukatzen, pista apirilera arte, behintzat, izango dugu, nahiz eta Gipuzkoako torneoa urtarrila bukaeran amaituko den. Martxoa heltzearekin batera errepideko denboraldia hasiko da jubenil eta kadeteentzat. Hau horrela delarik Gipuzkoako Federazioak jubenil batzuk aukeratu ditu denboraldian zehar heurekin lana egiteko eta Gipuzkoako selekzioaren oinarri izateko. Astelehenean egingo dute lehen elkarretaratzea eta berara Viveros San Antongo hiru txirrindulari deitu dituzte: Aitor Agirre, Kimetz Etxabe eta Ander Altuna. Bestalde, 2020an taldeko mailota defendatuko du, txirrindularitza egokituan, Aitor Oleagak. Aizarnazabalgoa urtarrilaren 10-12an Galapagarren izango diren pistako Espainiako txapelketa egokituetan izango da, Euskadiko selekzioarekin.