Jubeniletan Mikel Mancisidor bakarrik izan da esperientzia errepikatu duena, eta iaz baino askoz ere hobeto ibili da. Azkenean, hemeretzigarren postuan amaitu du sailkapen nagusian. Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe berriak ziren mailan, eta oso ondo egokitu dira: Aitor Agirrek hamabigarren bukatu du, eta Kimetz Etxabek bederatzigarren.
Azken jardunaldiko kanporaketan Aitor Agirrek zazpigarren amaitu zuen, puntuaketan bederatzigarren eta Danesan hirugarren. Mikel Mancisidor berriz kanporaketa kaxkar batean hemeretzigarrena izan zen, puntuaketan hamazazpigarren, eta Danesan hamargarren. Kimetz Etxabe Mallorcan lehiatu zen Euskadiko selekzioarekin, Omniumeko Espainiako txapelketan. Hamahirugarren sailkatu zen lan eskerga eginez selekzioko buru Romerorentzat. Sacrtachean Etxabe hamahirugarren sailkatu zen, Tenpoan hamaikagarren, kanporaketan hamabigarren Eta puntuaketan hamahirugarren. Azken sailkapenean hamahirugarren egin arren, talde lanean bikain aritu zen.
Kadete mailan Aritz Eizagirrek bere bigarren urtean urrats handia eman eta onenen artean bukatu du torneoa. Onenen artean lehiatuta tenpoa hamabigarren bukatu zuen, eta puntuaketa hamalaugarren. Azkenean 21. sailkatu zen. Mattin Salegi lehen urteko kadetea izanik, oso detaile politak erakutsi ditu. Etorkizunerako baikortasunez jantziz, kadeteen bigarren multzoan parte hartu du eta azken jardunaldian Tenpoan hamargarren sailkatu zen eta puntuaketan hamalaugarren. Sailkapen nagusian 39. kokalekuan agurtu zuen torneoa.
Pistako denboraldia igandean bukatuko dute Gipuzkoako Kopako bigarren jardunaldiarekin. Viveros San Anton-Mardu sailkapenean bigarrena da, eta duen puntuazioarekin, ohikoa izango zen postuari eustea, baina Kimetz Etxabe Gipuzkoako selekzioarekin Portugala doa korritzera. Ondorioz, junior bat galduko du taldeak, eta taldeko koloreak defendatuz, talde mistorik egin gabe, bi junior eta bi kadeterekin parte hartuko du Kopan Viveros San Anton-Marduk.
Txirrindularien formakuntza maila hauetan lehenesten dutenez, Etxaberi ez zaio arazorik jarri selekzioarekin joateko taldearen Kopako sailkapenaren kaltetan bada ere. Aitor Agirre, Mikel Mancisidor (juniorrak) eta Aritz Eizagirre eta Mattin Salegi (kadeteak) osatuko dute laukotea pistako denboraldiko azken lasterketan, junior bezala. Hala ere, Kimetz Etxabek apirila bitartean punta puntan entrenatu eta prestatu beharko da Euskadiko Selekzioarekin, parte hartuko baitu bai Espainiako Kopan eta eta baita Tafallan jokatuko diren Espainiako txapelketetan ere. Aitor Agirrek oraindik baditu selekzioekin konpromezuak, otsaileko bigarren asteburuan Portugalera baitoa. Pista hor izan arren guztiak hasiko dira otsailaren bukaeran edo martxoaren hasieran errepideko lasterketetan parte hartzen.
Zumaiako txirrindularia izanik, nahiz eta Limousin Tolosako taldean korritu, Garazi Bergarak ere osatu du pistako lehen denboraldia. 20. bukatu du Gipuzkoako Torneoa; bere buruan konfidantza falta izan zaion emaitza hobeak lortzeko, baina garbi erakutsi du zumaiarrak etorkizuna baduela eta bidea egin dezakeela txirrindularitzan.