Aitor Agirre Portugalen asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko ots. 7a, 12:33

Behin Gipuzkoako pistako denboraldia amaituta, Viveros San Anton-Mardu taldeko ziklistek buru belarri ekin diote errepideko denboraldia prestatzeari, baina Aitor Agirrek eta Kimetz Etxabek oraindik ere badituzte pistako txirrindularitzan betebeharrak. 

Aitor Agirre asteburu honetan Portugalen lehiatuko da, Anadiako belodromoan, bertako neguko nazioarteko azken lehiaketan. Gipuzkoako selekzioarekin joan da Aitor Agirre Portugalera, bere ibilbidean esperientziak pilatzera eta etorkizunari begira ikastera. 

Partaidetza ikusita, oso zaila izango du lehen postuetako borrokan ibiltzea, baina asko balioko dio ziklista bezala hazteko. 

Kimetz Etxabek asteburu honetan ez du pistako probarik baina datorren astean, Galapagarren, Espainiako Kopan lortzen ari den sailkapen on horien defentsa egin beharko du. Hau dela eta, oraindik ere bere prestakuntzan errepidea eta pista uztartzen ari da. 

Aste Santuan Tafallan jokatuko diren Espainiako txapelketetarako pieza inportantea izango da Euskadiko Selekzioan Viveros San Anton-Mardu taldeko Kimetz Etxabe. Errepideko denboraldia otsailaren 23an hasiko da juniorrentzat Eibarren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide