Lizarran hastera doaz jubenilak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko uzt. 17a, 10:00

Erdoia kendu, etxean arrabolan entrenatuz hiru hilabete luze pasa, eta errepidean beste bi hilabetez egokitzapena egin eta gero, heldu da lehen lasterketa. Azkena martxoaren 8an izan zen, baina urratsa handia da berriz ere lasterketetara itzultzea besterik gabe.

Pandemia dela eta segurtasun eta prebentzio neurri handiekin, baina Lizarra ausartu da karrera bat antolatzera, eta hantxe ekingo diote berriz ere denboraldiari Viveros San Anton-Exclusivas Marduko jubenilek. Igandean goizeko 10etan hasiko da lasterketa eta bertan parte hartze handia izango da Euskal Herrian beste lasterketarik ez baitago, eta euskal jubenil gehientsuenak bertaratuko baitira.

Lasterketa gogorra izango da; ibilbideak 90 kilometro ditu eta juxtu bukaeran bi mendate: Lezaun 18 kilometroren faltan, eta Muru lau kilometroren faltan. Baina, horrezaz gain, beroa egingo du, 30 gradutik gora. Beraz, lasterketak osagai guztiak ditu ikusgarria izateko. Jubenil mailako lasterketetan lehen unetik borrokarako gogoa izaten da, eta txirrindulariek lehiatzeko une honetan duten grinarekin, hanketako minaz inor ez dela salbatuko aurrera daiteke.

Bost txirrindulari izango dira Lizarran Viveros San Anton-Exclusivas Marduko mailota defendatuko dutenak, taldeko guztiak: Kimetz Etxabe, Aitor Agirre, Mikel Mancisidor, Ander Altuna eta Enaitz Garai. Prestaketa lanak ondo egin dituzte, baina orain lehiaketan erakutsi behar. Hori bai, oso garbi izanda aurtengo denboraldia ezberdina dela, gorputz bakoitzak egoerari era ezberdinean erantzungo diola, eta errendimendua baino gehiago, sentsazioak berreskuratzea izango dela hasiera honetako helburua. Urria bukatu bitartean lehiatzea da Euskal Herriko kirol agintarien nahia, baina egunetik egunera alda daitekeen egoera da birusaren joerak eta herrietako ekonomiak aginduko baitu aurten.

Kadeteek, uztailaren 31an Berangon izango dute lehen lasterketa. Zumaian abuztuan antolatuko ditu Zumaiako Txirrindulari Elkarteak karrerak: abuztuaren 9an jubenilak, eta 22an kadeteak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide