Hasiera itxaropentsua

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mar. 5a, 09:13

Emaitza onekin hasi dute errepideko denboraldia junior eta kadete mailako Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistek.

Jubenilek Eibarren izan zuten estreinua. 78 kilometroko lasterketa izan zen eta azken zatian San Migel mendatea gainditzeaz gain, helmuga Azitaingo industrigunean kokatu zieten, non, kilometro eta erdiko igoera pikuaren ostean, helmugara ailegatzen ziren. 

San Migel hasierara tropelari aurrea hartuta hiru txirrindulari heldu ziren, eta igoeran Viveros San Antongo ziklisten erritmoa izan zen aldeak murrizten lagundu zuena. Amaieran, taldeko txirrindularirik onena Kimetz Etxabe izan zen zortzigarren sailkatuz; irabazleak 19 segundo atera zizkion. Aitor Agirrek hamalaugarren ailegatzea lortu zuen, 54 segundura; Ander Altuna hemeretzigarren, eta Enaitz Garai 43. Heiko Mateosek eta Aritz Eizagirrek ezin izan zuten lasterketa amaitu; Eizagirre Berriatuan izan zen eroriko batek atzeratu zuen, eta ezin izan zuen igoera baino lehen pelotoiarekin bat egin. 

186 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta 128k amaitu ahal izan zuten karrera. Emaitza hauekin, puntuatu zuten 23 taldeetatik bigarren sailkatu ziren Zumaiako txirrindulari elkarteko kideak.  Datorren igandean Donostiako Egia auzoan izango dute lasterketa, non Hego Euskal Herriko junior guztiak batuko diren, 203 txirrindulariz osatutako tropela gorpuzteko.

Kadeteek 3,5 kilometroko bakarkako erlojuaren aurkakoarekin hasi zuten denboraldia, Donostiako Zuatzu industrigunean. Hemen ere parte hartzea handia izan zen, nahiz eta kadete mailan nabari den pandemiaren eragina, kopurua jaitsi egin baita. Zuatzun 104 ziklista izan ziren. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko onena, Mattin Salegi, 13. Sailkatu zen, irabazlearengandik 23 segundura; denbora berean sartu zen Andde Etxaniz, 15. Tokian. Maila estreinatu zuen Anuk Gogenolak 57. Bukatu zuen, 1:08ra, eta Lizar Tolosa ere kadete mailako lehen lasterketan 73. sailkatu zen, 1:49ra. Kadeteek hilaren 13an  Beasainen izango dute hurrengo lasterketa.

Aitor Oleaga

Taldeko Aitor Oleagak ziklismo egokituko pistako Espainiako txapelketetan parte hartuko du asteburu honetan, Euskadiko selekzioarekin, Galapagarren (Madril, Espainia).

Afizionatuak

Mikel Mancisidor zumaiarrak bere bizitzako lehen lasterketa afizionatua amaitu zuen, eta horrekin pozik. Debabarrena taldearekin estreinatu zen etxean, Brustenga Caja Ruraleko ziklistak irabazitako karreran. Abiadura izugarria izan zen; 44,564km/h ko bataz besteko abiadan osatu zituzten txirrindulariek 112 kilometroak. 199 txirrindulari elkartu ziren estatu osoko afizionatu mailako lehen lasterketa honetan. Zumaiako karrerak, estatu osoan izan du oihartzuna.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide