Txapelketen asteburua

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mai. 28a, 18:00

Erloju kontrako taldekako txapelketak jokatuko dira asteburu honetan Gipuzkoan, bai junior mailan bai kadete mailan.

Espezialitate exijentea eta oso teknikoa da. Viveros San Anton-Exclusivas Marduk ahalik eta ondoen prestatu da, eta orain, egindako lanaren emaitza jaso behar. Junior mailan boskotea Enaitz Garaik, Aitor Agirrek, Ander Altunak, Kimetz Etxabek eta Heiko Mateosek osatuko dute. 35 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Bizikleta bereziak izango dituzte erabilgarri, Basque txirrindulari taldeak utzitakoak, baina ez da erraza izango podiumen borrokan izatea, maila handiko taldeak baitaude, eta ez baita izango aurkari faltarik.

Kadeteek ere erlojupeko txapelketa izango dute. Laukotea Anuk Gogenolak, Lizar Tolosak, Andde Etxanizek eta Mattin Salegik osatuko dute. Kadeteek 24 kilometroko distantzia egin beharko dute, eta ikusita azterketa garaia dela eta lauentzat lehenengoa aldia izango dela, (iaz ez baitzen txapelketa jokatu), emaitza edozein izanda ere gustura egoteko moduan izango dira, ez baita aukera handirik izan behar bezala prestatzeko.

Legorretako txapelketen ondoren, igandean ez da atsedenik izango; igande goizean oso lasterketa gogorra izango dute juniorrek Zarautzen, eta kadeteek, berriz, Seguran.

Aurreko asteburuan Anoetan lehiatu ziren juniorrak, eta eguneko ihesaldiak alde egin bazien ere, lasterketa bikaina egin zuten Aitor Agirrek, Kimetz Etxabek, Ander Altunak eta Enaitz Garaik; taldekako sailkapenean hirugarrenak izan ziren. Laurek 40 lehenengoen artean amaitu zuten (lasterketa 103 ziklistak bukatu zuten, eta irteeran 151 izan ziren). Taldeko onenak Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe izan ziren, hamazazpigarren eta hemezortzigarren. Postuetan sailkatuta, haiengandik gertu izan zen Ander Altuna, hogeita bigarren, eta hogeita hemeretzigarren sailkatu zen Enaitz Garai. Kadeteak Lizarran aritu ziren, eta Andde Etxaniz, Mattin Salegi eta Anuk Gogenola heldu ziren helmugaraino, lasterketan lan ona egin eta azkeneko Muruko igoeran aurrez egindakoa ordaindu ondoren.

Aitor Oleaga, berriz, paraziklismoko Espainiako txapelketetan izango da asteburuan Euskadiko Selekzioarekin, Madrilen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide