Denboraldiaren bihotz bihotzean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko eka. 19a, 09:41

Lasterketaz gainezka, atsedenik gabe eta maila goreneko karreretan daude murgilduta Viveros San anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak.

Jubenilek asteburuan Gipuzkoako Klasikoan parte hartuko dute. Nazioarteko maila duen lasterketa da, eta bertan frantziar, holandar, portugaldar, panamar eta beste zenbait tokitako txirrindulariekin leihatuko dira gure ziklistak. Urretxun jokatuko da Klasika, 123 kmko karrera izango da eta ibilbide oso exijentearekin, benetan bakoitzaren maila neurtuko duen goi-goi mailako lasterketa, UCIren gidaritzapean jokatuko dena. Alejandro Valverde entzutetsua izan zen Klasika honen lehen irabazlea, horrek asko esan nahi du. 

Aurretik, lasterketa ezberdinetan izan dira juniorrak hitzordu honetara sasoiko heltzeko. Kimetz Etxabe seigarren sailkatu zen larunbatean Idiazabalen, eta igandean Antzuolan erori egin zen. Frantzian korritu zuen Gipuzkoako selekzioarekin Aitor Agirrek, eta honek ere ez zuen zorterik izan, igandeko bigarren etapan erori eta min hartu baitzuen. Hala ere biek asteartean erlojauren aurkako Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten: 15kmko ibilbidea osatu eta Aitor Agirre Gipuzkoako zortzigarren izan zen sailkapenean, Kimetz Etxabe hamaikagarren postuan sailkatu zen. 

Gipuzkoa Klasikan Kimetz Etxabe, Aitor Agirre, Ander Altuna, Enaitz Garai eta lehen urtekoa den Aritz Eizagirre izango dira Viveros San Anton-Exclusivas Mardu defendatuko dutenak. Klasikaren ondoren, datorren ostiralean Gipuzkoako itzuliari ekingo diote, sarrerako 1 eta 3 etapa izango dituen itzulia: Azkoitia, Eibar, Andoain eta Lazkao.

Kadeteek, aste honetan merezitako atsedenaz gozatuko dute aurreko asteburuan hiru eguneko itzulia osatu ostean. Espainiar Estatuan jokatzen den kadete mailako itzuli bakarra da, eta txirrindulari onenak bertan leihatu dira. Hiru karrera gogor izan zituzten kadeteek, bero handiarekin gainera, eta hala ere Mattin Salegi nabarmendu da. Gipuzkoako txirrindularien artean laugarrena izan da sailkapen nagusian. Hiru etapa oso on egin zituen, beti lehenengo taldean amaituz. Taldeko beste hirurei gehiago kostatu zitzaien pedal kolpe egokia topatzea Txumaren oroimenezkoan. Erandion eta Leioan jokatu ziren lehen etapak, hirugarrena Berangon. Azken honetan hiruretatik egunik onena izan zuen Andde Etxanizek, eta lehen urteko Anuk Gogenolari eta Lizar Tolosari asko ikasteko balio izan die itzuliak. 

Kadeteen hurrengo lasterketa Agurainen izango da hilaren 26an, Gaztetxoak torneoko lehiaketa, eta euskal kadete guztiak elkartuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide