Aitor Agirrek 23 urtez azpikoen maila estreinatu du pistan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko abe. 3a, 13:30

Pistako Gipuzkoa torneoaklaugarren hitzordua izango du bihar Donostiako Belodromoan, eta bertan, abendua estreinatzearekin batera, open mailako ziklistak izango dira: profesional, elite eta 23 urtez azpikoak. Aitor Agirre zumaiarrak parte hartuko du bertan, 23 urtez azpiko maila estreinatuko du ondorioz.

Laboral Kutxa taldean korrituko du Aitor Agirrek eta errepidean Essor Basqueko lasterketetan ekingo dio 2022ko denboraldiari; harako prestaketa bezala pistako lasterketaren bat egingo du. Open mailako lasterketa honetan Euskaltel Euskadiko Xabier Mikel Azparren aurkari izango du, besteak beste; baita Dorian Foulon ziklismo egokituko txapeldun olinpikoa ere. 

Kadete mailako Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak ere bertan izango dira. Hiru jardunaldiren ostean, Iker Izagirre 17. da sailkapenean, Beñat Sainz 21., eta Lizar Tolosa 25.  Aurreko larunbatean Iker eta Beñat A txandan aritu ziren, onenekin, alegia, eta erritmo aldaketa nabaritu zuten; hala ere, egunetik egunera hobeto dabiltzala ikusi zen. Scratchean Beñat 19.a izan zen eta Iker 20.a; Puntuaketan, Ikerrek 18. bukatu zuen eta Beñatek 20; eta Tempon Beñat 14. sailkatu zen eta iker 21. Lizar Tolosak B txandan lehiatu behar izan zuen, eta Scratchean eta Tempoan 9. sailkatu zen; Puntuaketan 11.a izan zen. Hilaren 8an ere pistako ziklismoak bere hitzordua izango du Antonio Elortza belodromoan.

Ziklo krosean, denboraldiaren erdira heldu dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak. Garai (Bizkaia) izan zen larunbatean bilgune tokia eta kadete mailan Anuk Gogenola 21. helmugaratu zen; junior mailan, berriz, Eneko Aranguren 11.a izan zen, Mattin Salegi 20. eta Andde Etxaniz 23. Heiko Mateosek, osasun arazoekin, ez zuen bukatzerik izan. Eguraldiaren ondoren lokatz faltarik ez zen barrutian: baldintza gogorrak izan zituzten txirrindulariek.

Larunbat honetan Ametzaga-Zuian dute ziklo kros lasterketa Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek; asteazkenean, berriz, Elorrion.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide