Hasiera txukuna

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mar. 4a, 15:00

Txirrindulari Elkarteak hasi du 2022ko errepideko denboraldia. Eibarren abiatu dute juniorrek sasoia eta LAU bakarrik izan arren, ausardiaz eta konplexurik gabe lehiatu dute lasterketa, hamabi edo hamasei kide dituzten taldeen aurka. 

Lasterketak bi zati izan zituen: Eibar eta Markina artekoa, eta Markina-San Migel-Eibar artekoa. Ihesaldiak eta erasoak ez ziren falta izan lehen zatian, baina San Migelek eman zuen epaia. Donostialdeko Iruki taldeko Yago Agirre izan zen irabazlea Eibarren. Talde honek hamabi txirrindulari errepideratu zituen, beraz talde lan ona eginez ederki defendatu zuten hautagaitza; hamasei kide ditu Limousin tolosaldeko ekipoak. 

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak saiatu ziren erasoak kontrolatzen, baina denei aurre egitea zaila. San Migel igotzen hasitakoan pelotoiko erritmoa bizitu ere bai, baina gero ordaindu egin zuten. Helmugan onena Eneko Aranguren izan zen; 18. sailkatu zen irabazlearengandik 40 segundora; Adur Tapia 24. (50 segundora), Andde Etxaniz 52. eta Mattin Salegi 55. (bi minutu eta 40 segundora). 131 txirrindulari izan ziren irteeran, 85ek lortu zuten lasterketa bukatzea. Taldeka 21 talde parte hartzaileetatik, zortzigarren sailkatu zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu. Datorren igande arratsaldean Errenterian izango dute lasterketa juniorrek.

Larunbatean, berriz, kadeteek izango dut estreinua. Beasaingo lasterketak neurtuko ditu  kadeteen gogo eta indarrak. Lasterketak, amaieran, Olaberriako igoera tentea du eta bertan hautsiko da lasterketa. Parte hartze handia espero da: ez da 200dik aparte ibiliko izena emandakoen zerrenda. Viveros San Anton-Exclusivas Marduk lau kadete ditu denboraldi honetarako, eta lau horietatik bakarra da bigarren urtekoa, Lizar Tolosa; beste hirurak lehen urtekoak dira: Danel Beristain, Beñat Sainz eta Iker Eizagirre. 

Aitor Agirre protagonista lehen karreran

Zumaian hasi da ohi denez Hego Euskal Herriko afizionatuen denboraldia eta bertan estreinatu du maila Aitor Agirre zumaiarrak. Laboral Kutxako ziklista gazteak lasterketa bikaina borobildu zuen, podiuma zapalduz gainera, taldekako sailkapena irabazi baizuten. 

Aitor Agirre eguneko ihesaldian sartu zen eta ihesaldiak eman beharrekoak eman ostean lehen multzoan helmugaratzea lortu zuen. 181 txirrindulari izan ziren parte hartzen eta Aitor Agirrek 23. sailkatzea lortu zuen. Ez da batere hasiera txarra, ezta Euskaldun torneoari estreinu txarra ere. Laboral Kutxako zuzendaritzak oraindik ere ez dio zehaztu egutegia, baina bitartean entrenamenduetan bere pedal kolpea hobetzeko lanean segiko du zumaiarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide