Txirrindulariak dira

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko api. 8a, 10:59

Eguraldi baldintza negutiarretan jokatu ziren larunbatean lasterketak. Deban hotza, txingorra euria, bisutsa denetik izan zuten kadeteek.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko lau txirrindularietatik bik lortu zuten lasterketa bukatzea, pelotoian gainera: Beñat Sainzek eta Iker Eizagirrek. Matxura batek Lizar Tolosa jokoz kanpo utzi zuen eta hotzarekin ezinean Danel Beristainek utzi egin zuen proba. Igandean, berriz, Euskadiko kadete gehienak Abadiñon elkartu ziren eta oso ibilbide gogorrean, lau mendaterekin, jokatu zen karrera: Lizar Tolosak berriz matxura izan zuen; beste hirurek bigarren multzoan amaitzea lortu zuten.

Juniorrek Zegaman izan zuten lasterketa larunbatean. Elurra zela eta laburtu egin behar izan zen ibilbidea, baina hala ere hiru mendate gainditu behar izan zituzten. Eneko Aranguren nabarmendu zen taldetik; beti aurrean, burutik gertu, azkenean 11. sailkatu zen. Adur Tapia eta Martin Salegi ere bikain, lasterketa ona egin eta 20. eta 30. postuetan helmugaratu ziren. Andde Etxanizek lan aparta egin zuen taldekideenzat eta 52. ailegatu zen. Lehen urtekoak dira laurak eta oso oso denboraldi polita daramate.

Asteburu honetan jubenilek Elgoibarren dute lasterketa, igande arratsaldean; alebinek eta infantilek, berriz, larunbatean mendi bizikletarekin Gipuzkoako Txapelketa dute  eta igandean Usurbilen errepideko bizikletekin korrituko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide