Denboraldiko lehen podiuma

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko aza. 18a, 15:41

Eneko Aranguren. Argazkia: Angel Ezkurra

Prestakuntzarako zen, baina lehiakorra da. Behin ikusita eman lezakeen maila, Eneko Aranguren ziklo kros denboraldi on bat egiteko helburuarekin dugu lasterketetan. Eta heldu da, uste baino lehenago gainera, denboraldiko lehen podiuma. 

Zornotzan hirugarren sailkatu zen Eneko Aranguren. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindularia irabazlearengandik oso oso gertu izan zen amaieran; bost segundo besterik ez. Hirugarren amaituta hotzean pozik zen arren, beroan pena ere izan zuen lasterketaren garaipeneko borroka horretan hirugarren amaituta. 
Hurrengo helburua Gipuzkoako selekzioaren Alcobendasen jokatuko duen Espainiako Kopako lasterketa izango da. Aranguren bere buruarekin oso exijentea da eta estatuko txirrindularirik onenekin aurpegia eman nahiko du, nahiz eta oraindik oso berde egon prestakuntzan.

Pistan hasiera ona

Pistako denboraldia ere hasi dute Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek. Estreinaldia benetan ona izan da.

Hiruna lasterketa jokatu zituzten Gipuzkoako Challengeko lehen jardunaldian eta nabarmentzekoa da Beñat Sainz scratchean hirugarren sailkatu zela eta Iker Eizagirre tenpon laugarren

Sailkapen nagusia lehen jardunaldia osatuta, Beñat Sainz 9. da, Iker Eizagirre 13., Aratz Unanue 18., Kepa Korta 43., Peru Calvo 48. eta Oñatz Etxabe 49. Guztira 60 txirrindulari izan ziren kadete mailako lasterketetan parte hartzen, tartean bizkaitarrak eta nafarrak gipuzkoarrekin batera.

Junior mailako parte hartzea askoz ere txikiagoa izan zen: 20 parte hartzaile eta horien artean junior mailan estreinatuz Lizar Tolosa. Txukun defendatu zen; sailkapen nagusian 18.a da, scratchean 15. sailkatu zen.

Asteburu honetan pistako bigarren jardunaldia jokatuko da Antonio Elorza belodromoan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide