Aizarnazabalgo txirrindulari gaztea sailkapen nagusian hemezortzigarren tokian kokatu da aurreko larunbatean B mailako puntuaketa irabazi, Tempon bigarren sailkatu eta scratcha zortzigarren amaituta. Lehen urteko txirrindularia da, oraindik ere infantila, hasi berria kadete mailan eta pistan estreinatu dena aurten. Aipatzekoa da gainera tempon orduko 45 kilometroko abiaduran osatu zutela lasterketa, eta scratchean 43,1ean. Izugarrizko lasterketak egin zituen Oñatz Etxabek, eta hurrengo jardunaldian, hirugarrenean, onenekin arituko da. Peru Calvo debutaria ere ederki defendatu zen, scrtachean hamabigarren, puntuaketan hemezortzigarren eta tempon hamalaugarren sailkatu zen lehen urteko kadete zumaiarra. B mailako lasterketetan Kepa Korta ere aurrean ibili zen, eta lortu zuen hurrengo jardunaldian onenen artean leihatzeko eskubidea; scratchean bosgarren eta puntuaketan bigarren (tempon ez zuen parte hartu arrazoi pertsonalenegatik).
A mailakoen artean, hau da, sailkapen nagusiko lehen 30en artean jokatutako lasterketetan protagonista izan ziren Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak, eta baita erakutsi ere irabazteko borrokan egon behar dutela jardunaldi guztietan, horretarako gaitasuna baitute. Scratchean Iker Eziagirre zazpigarren sailkatu zen, Beñat Sainz hamaikagarren eta Aratz Unanue hamahirugarren; puntuaketan Beñat Sainz hirugarren, Iker Eziagirre bederatzigarren eta Aratz Unanue hemeretzigarren; eta tempon, (44,7km/H) Beñat Sainz zazpigarrren, Iker Eizagirre hamaikagarren (erorikoa izan zuen) eta Aratz Unanue hamalaugarren. Emaitza hauekin 62 txirrindulariren artean Beñat Sainz bosgarrena da, Iker Eizagirre hamalaugarrena, Oñatz Etxabe hemezortzigarrena, Kepa Unanue 23., Aratz Unanue 24. eta Peru Calvo 48. Sailkapen postu hauekin datorren jardunaldian A multzoan, onenen multzoan, bost txirrindulari izango ditu Viveros San Anton-Exclusivas Marduk: Sainz, Eizagirre, Etxabe, Unanue eta Olaizola. Peru Calvok B multzoan segiko du, emaitza onen bila gero eta konfiantza handiagoz pistan.
Ziklo krosa
Ziklo krosean Eneko Arangurenek Gipuzkoako selekzioarekin Alcobendasen korritu zuen igandean, Espainiako koparako puntuagarria zen lasterketan. Kopan punturik gabe, irteeran atzean abiatu behar izan zuen, eta atzetik aurrera izugarrizko lasterketa eginez hogeigarren postuan amaitu zuen; Arangurenen lasterketa bikainaren itzalean Lezaman Euskal Herriko Challengeko lasterketa jokatu zen eta bertan Mattin Salegik parte hartu zuen. Zirkuitu oso oso lokaztu batean zumaiarrak hamaseigarren postu duina eskuratu zuen. Asteburu honetan Abadiñon jokatuko da ziklo kros lasterketa. Bihar izango dute hitzordua.