Garaipena pistan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko abe. 23a, 12:00

Lan asko egin eta asko saiatu ondoren heldu da pistan lehen garaipena. Iker Eizagirrek irabazi zuen puntuaketa Gipuzkoa Torneoko seigarren jardunaldian.

Horretarako Ikerrek erasora jokatu behar izan zuen, baina taldekideen lana ere ezinbestekoa izan zen, aurrena Iker Eizagirreren erasoa babesteko eta ondoren aurkarien erasoei erantzunez arroarraren lidergoa defendatzeko. Ondo babestu zuten Beñat Sainzek eta Kepa Kortak Iker Eizagirreren lehen postua eta horri esker irabazi ahal izan zuen puntuaketa. 

Egun ona izan zuen Eizagirrek, puntuaketa irabazteaz gain, tenpo proban bigarren sailkatu baitzen. Tenpo lasterketan Beñat Sainz ere hanka onekin bosgarren helmugaratu zen eta Kepa Korta 15. Daniarrean, Kepa Korta izan zen onena zortzigarren sailkatuz; Beñat Sainz bederatzigarrena izan zen eta Iker Eizagirrek ez zuen puntuatu. Azkenik, puntuaketan, aipatu bezala, Iker Eizagirrek irabazi zuen; Beñat Sainzek lasterketa ederra osatuz zortzigarren sailkatzea lortu zuen, taldekidearen lidergoa defendatzeko lan eskerga egin ostean, eta Kepa Korta hogeigarrena izan zen; pelotoia moteltzen lan gehiago izan zuen bere buruarentzat puntuak lortzea alboratuta.

B txandakoen artean, Aratz Unanue nabarmendu zen. Tenpo lasterketan bosgarren sailkatu zen, daniarrean zazpigarren eta puntuaketan hirugarren. Batutako puntuekin datorren jardunaldian A txandan, onenekin lehiatuko da. Oñatz Etxabe, bere progresioan, tenpon bederatzigarren sailkatu zen, daniarrean zortzigarren eta puntuaketan hamahirugarren. Peru Calvok, aldiz, aste guztia gaixorik pasatu ondoren, tenpo hemeretzigarren amaitu zuen eta puntuaketa hogeigarren; daniarrean ez zuen punturik jaso. 

Sailkapen nagusian, sei jardunaldiren ondoren, Iker Eizagirre bederatzigarrena da, Beñat Sainz hamaikagarrena, Aratz Unanue 21.a, Kepa Korta 24.a, Oñatz Etxabe 36.a eta Peru Calvo 41.a. 84 kadete daude sailkapenean.

Junior mailan, Lizar Tolosak B txandan parte hartu zuen. Scratchean seigarren sailkatu zen, puntuaketan hamahirugarren eta kanporaketan, oso lasterketa polita egin eta gero, laugarren bukatu zuen. Sailkapen nagusian 32. postuan da Lizar Tolosa.

Asteburu honetan, Gabon egunean bertan goizez lasterketak dituzte Antonio Elortza belodromoan; zazpigarren jardunaldia jokatuko da eta astelehenean, txapelketak ate joka direla, eta ohikoak ez diren probak egingo dira baina ez dira puntuagarriak izango: madison, keirin eta daniarrean leihatuko dira 26 arratsaldean, non txirrindulari profesionalek ere parte hartuko duten. Azken jardunaldi puntuagarria Urte Zahar egunekoa izango da.

Ziklo krosa

Aiaran bakarrik parte hartu zuten aurreko asteburuan Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Eneko Arangurenek eta Mattin Salegik. Oso zirkuitu politean ederki defendatu ziren bi txirrindulariak. Eneko Arangurenek, onenengandik gertu, zazpigarren amaitu zuen eta Mattin Salegik ere erdi paretik aurrera, 22. Balantzea ona da eta orain hilaren 31n Tolosan jokatuko den Euskadiko Txapelketarako prestatuko dira buru belarri. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide