Estreinaldia

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko ots. 23a, 11:30

Iazko lasterketako une bat.

Hamabosgarrenez Zumaian hasiko da Hego Euskal Herriko txirrindularitza denboraldia; errepideko denboraldia Zumaiako Sari Nagusiak estreinatuko du.

Larunbatean goizeko 10etan hasiko da lasterketa Beheko plazan eta ordu batak alderako irabazlearen izena izango dugu, ordurako Axular etorbidean izango baitira txirrindulariak.

Euskal Herri osoko eta Euskal Herritik kanpoko ziklistak ere espero dira; guztira 180 inguru izango dira eta beti bezala datozen urteetan profesionaletan lasterketa nagusiak jokatzen ikusiko ditugun txirrindulari asko Zumaian ikusteko aukera izango dugu larunbatean.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak antolatutako lasterketak 113 kilometro izango ditu. Aurrena, hiru itzuli emango dizkiote zakila birari, hau da, Oikia, Aizarnazabal, Iraeta, Arroa, Zumaia zirkuitoari, eta ondoren beste bi itzuli Getaria, Zarautz, Meaga, Muniosoro, Aizarnazabal, Iraeta, Arroa, Zumaia zirkuitoari. Meagak mugitu lezake lasterketa baina hautsi ez. Beraz, txirrindulari azkarrentzako izango da karrera.

Parte hartzaileen artean Aitor Agirre zumaiarra izango da. Laboral Kutxa taldearekin bigarren denboraldia hastera doa. Iparraldean Essor Basqueko karreretan parte hartu du oso maila txukunean gainera. Ilusio handia du Zumaiarako, protagonista izan nahi du eta herrian korritzeak motibazio gehigarri bat emango dio Aitor Agirreri.

Zumaiako karrerazaleek gertutik jarraitzeko erakargarria da, askotan pasatzen baitira helmuga marra bertatik; urtero bezala jende asko gerturatuko da Zumaiara larunbat goizean lasterketa bertatik bertara jarraitzera.

Sariei dagokienez hiru lehenegoek jasoko dituzte auren garaikurrak. Tarteko helmuga jokatuko da Barinaga partean, zubi handiaren ondoren, eta Meagako gainean mendiko saria jokatuko da. Talderik onenarentzat ere garaikurra izango da.

Laboral Kutxa, Finisher, Baque, Eibar hiria, Eulen, Caja Rural, Telcom, LaTorre, Eisser, etab., lehiatuko diren taldeen artean daude. Zumaiako lasterkeak emango du Euskaldun Torneoko sailkapenerako lehen liderraren mailota.

Jubenilak Nafarroara

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko jubenilek denboraldia Nafarroan hasiko dute, igandean, Villatortan jokatuko dute Gipuzkoako egutegiari ekin aurreko lehen lasterketa. Bertara taldeko bost txirrindulari joango dira: Adur Tapia, Andde Etxaniz, Mattin Salegi, Haritz Aranbarri eta Lizar Tolosa, azken bi hauek junior mailan estreinatuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide