Denboraldi hasiera iluna

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko mar. 4a, 09:30

Adur Tapia Villatortako lasterketan. (Martin Early)

Gipuzkoan lasterketa gehien egiten dituzten moto-loturen gaiarekin, kadete eta juniorren denboraldia hasi ezinda dago.

Ertzaintzak moto gidari gutxi dituela eta lasterketetako segurtasuna bermatzeko moto-loturak eskatzen ditu, eta herrietan gero eta boluntario gutxiago dagoenez, antolakuntza askok asteburuetan horretarako prest dauden moto-loturengana jotzen dute; hauek 50 bat karrera egin ditzakete urtean eta karrera horietan segurua "a todo riesgo" izatea eskatzen dute. Baina, ez dago aseguru etxerik lasterketetan dabiltzan moto-lotura horiei poliza egin nahi dienik baldintza horietan. Irtenbidea Jaurlaritzan eskatu du Gipuzkoako Federazioak eta bitartean lasterketak ezin jokaturik gelditu dira. Zumaian herriko boluntarioekin jokatu zen aurreko asteburuan Euskaldun torneoko lasterketa.

Bertan, Aitor Agirre zumaiarra protagonista izan zen. Eguneko ihesaldian sartu zen Laboral Kutxako txirrindularia eta lasterketa bukatzeko 500 metroren faltan irentsi zuen pelotoiak. Azkenean 26. postuan sailkatu zen. 170 txirrindulari izan ziren irteeran eta Frantziako pistako selekzioko kide den Mattieu Duppe izan zen garailea.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko jubenilek Villatortan korritu zuten igandean denboraldiko lehen karrera. Lasterketa benetan gogorra izan zen haizeak bazterrak gogotik astindu zituelako, eta 15. kilometrorako haize babesak (abanikoak) zirela eta pelotoia txikituta zegoen. Azkenean, 83 km osatuta Adur Tapia bosgarren sailkatu zen; lasterketaren borrokan sartu zen, distantzia txikira Mattin Salegi hamabigarren sailkatu zen, eta hirugarren multzoan ailegatu zen, pelotoi nagusiko esprinta irabaziz, Andde Etxaniz, 35. tokian. Hiru txirrindulariek lasterketa itzela egin zuten. Lizar Tolosak, berriz, lehen kilometroetan utzi behar izan zuen karrera.

Txikienek larunbatean ekingo diote errepideko denboraldiari Zarautzen. Zumaiako Txirrindulari Elkarteko benjamin, kimu eta infantilak larunbatean, arratsaldeko 4.30ean, Zarautzen hasiko dute errepideko denboraldia.

Elkarretaratzea Eibarren

Bestalde Zumaiako Txirrindulari Elkartea igandean Eibarren egingo den aldarrikapen elkarretaratzean izango da Gipuzkoako beste elkarte guztiekin batera agintariei lasterketetako segurtasuna dela eta sortutako egoerari irtenbidea lehenbailehen eman diezaioten eskatuz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide