Txikienak martxan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko mar. 11a, 08:29

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko infantilek, kimuek eta benjaminek hasi dute errepideko denboraldia. Zarautzen izan dute lehenengo lasterketa eta maila guztietan oso-oso jarrera ona eta emaitza onak lortu dituzte.

Txirrindularitzaz gozatzeko garai honetan, lasterketan aurpegia eman, karrerako ardura hartu eta emaitza onekin bukatu zituzten lasterketak. Infantil mailan, Unai Egañak karrera ikaragarria egin zuen; hamar itzuli eman behar zizkioten 1,1 kilometroko zirkuituari eta sei itzulitan bera izan zen erritmoa markatu zuena; bukaeran ordaindu egin zuen baina hala ere ondo defendatu zen eta bederatzigarren bukatu zuen. Podiumean amaitu zuen lasterketa Borja Osak, bere infantil mailako errepideko lehen lasterketan oso gordean joan eta indarrak bukaerarako gorde zituen, esprint luzea jo zuen eta bigarren sailkatu zen. Amets Alberdik ere ederki erantzun zuen; iaz ez bezala pelotoian joateko indarra izan zuen lasterketa osoan, urrats bat emanez bere garapenean; azkenean hamabosgarren sailkatu zen. Laia Zumeta izan zen infantilen lasterketan taldeko neska eta sei itzulitan ondo eutsi zion pelotoiaren erritmo biziari. Behin atzeratuta, bakar bakarrik haizearen aurka gogorra egin zitzaion eta itzuli eta erdiren faltan pelotoiak irentsi zuen nesken artean laugarren zenean. Alebinetan, Raul Flachey-rentzat lehen lasterketa izan zen eta oso ondo lehiatu zuen; Oinatz Alberdirekin lasterketa bikaina osatu zuten hamazazpigarren eta hemezortzigarren sailkatuz. Mikel Egañak, berriz, bere iazko emaitzak hobetu eta top 10a lortu zuen, karrera on bat borobilduz. Benjamin mailan, Galder Zumetak parte hartu zuen eta hirugarren sailkatzea lortu zuen, urduritasunak kontrolatu eta 2km200 metroko karrera on eta bizi bati amaiera emanez.
Aste honetan maila hauetan ez dago lasterketarik; hurrengoan Irunen izango dute hitzorduan.

Borja Osa podiumean.
Adur Tapia juniorra Castellón

Euskal Herrian lasterketarik ez zela eta, Castellóra joan zen Adur Tapia hango bi lasterketetan parte hartzera. Larunbatean, lehen multzoan zihoanean zulatua izan, denbora asko galdu eta  azkenean 35. postuarekin konformatu behar izan zuen. Igandean hamargarren sailkatzea lortu zuen.
Asteburu honetan, larunbatean Berriatuan eta igandean Altsasun lehiatuko dira jubenilak.
Kadeteek, berriz, igandean Zizurkilen hasiko dute denboraldia.

Aitor Agirre, Alcantarillako lasterketan
Aitor Agirre Espainiako Kopan

Laboral Kutxako zumaiarrak Alcantarillan korritu zuen aurreko igandean Espainiako Kopako lasterketa, non estatu espainiarreko txirrindularirik onenak lehiatzen diren. Espainiako Kopako lasterketen ibilbideari dagokionez profesionalen lasterketak izaten dira. Taldekideentzat lan eskerga egin ondoren, 74. bukatu zuen karrera. 166 kilometro izan zituen lasterketak, elite eta 23 urtez azpiko 196 txirrindulari zeuden izena emanda Guerritaren oroimenezko klasikoan, baina helmugara 106 bakarrik heldu ziren. Horrelako klasika bat amaitzea ez da broma eta Aitor Agirrek erakutsi du denboraldi hasiera honetan iaztik urrats bat gora egin duela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide