Berriatuan eguraldi txarrarekin eta ibilbide gogaikarriarekin 151 txirrindulari abiatu ziren lasterketan baina 65ek bakarrik lortu zuten amaitzea. Berriatua-Ondarroa-Lekeitio-Ispaster-Milloi-Berriatua ibilbide bihurriari bi itzuli eman zizkioten txirrindulariek.
Eguneko ihesaldia Eneko Aranguren Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak sortu zuen. Sei ziklistek osatu zuten ihesaldia eta bertan bi kide sartu zituen taldeak; Eneko Arangurenez gain, Mattin Salegik ere lortu zuen ihesaldian sartzea. Lan ikusgarria egin zuten bi txirrindulariek lasterketa buruan, baina ez zen nahikoa izan, Eolo-Kometa taldeari ez zitzaiolako komeni ihesaldi hori, nahiz eta kide bat bazuen bertan. Talde madrildarreko bost kide lanean jarri ziren pelotoi nagusian ihesaldia bertan behera uzteko asmotan, eta baita lortu ere. Lasterketako une erabakigarria heldu zenean, 16 txirrindulari gelditu ziren buruan, eta hor argi ibili zen Adur Tapia. 16 txirrindulariko multzo hori helmugara heldu zen, baina 150 metro faltan, atzetik ukitu eta Tapia lurrera joan zen bular aldean kolpe latza jasoaz. Hala ere lasterketa amaitzea lortu zuen 16. postuan. Mattin Salegi 18. tokian heldu zen eta Eneko Aranguren 20. tokian. Lasterketa bikaina egin zuten eta emaitza hauekin taldekako sailkapenean 4. postua lortu zuten. Andde Etxanizek ezin izan zuen lasterketa bukatu baina honek ere lasterketako lehen erdian lan bikaina egin zuen; ihesaldi ahaleginak kontrolatu eta pelotoi buruan erne ibili zen.
Kadeteek denboraldiko lehen lasterketa jokatu zuten Zizurkilen. Urduritasuna Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindularien agintaria eta gidaria izan zen, eta urduritasun horren pean ezin izan zuten euren onena eman. Zizurlkiko aldapan, lasterketa hautsi zenean, inork ez zuen lortu aurreko taldetxoan sartzea. Helmugan Beñat Sainz izan zen onena, 12. Sailkatu zen arruarra; 17.a izan zen Aratz Unanue; eta Oñatz Etxabe aizarnazabaldarra berriz, kadete mailako bere lehen lasterketan 20. sailkatu zen. Hauekin batera, multzo berean sartu zen Iker Eizagirre; 32. tokian. Peru Calvok ere lortu zuen karrera bukatzea, eta hau 50. sailkatu zen. Helburu hori lortu ez zutenak Jurdan Regillaga eta Jon Berasategi izan ziren. Taldeka 8. izan ziren Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulari kadeteak.
Asteburu honetan kadeteek Zarautzen dute lasterketa, jubenilek Azpeitian eta igandean Irunen txikienek izango dituzte heuren lasterketak.