Beñat Sainz garaipenetik gertu

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko mar. 24a, 10:15

Beñat Sainz bigarren postuan Zarauzko lasterketan (Arritxu Iribar).

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko taldeek denboraldiko bigarren lasterketak jokatu dituzte asteburu honetan.

Lasterketa bikain bati, garaipena lortu ez arren, amaiera ona eman zion Beñat Sainz txirridulari arruarrak. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak Zarautzen lasterketa bikaina osatu zuen. Ibilbideko mendate bakarrean, Meagako igoeran pelotoiaren babesa utzi eta aurrera egin zuen, mendiko saria irabaziz. Jaitsieran Ekain Imaz (Quesos Albeniz) nafarrak metro bat atera zion eta alde horrekin ailegatu zen metara. Beñat Sainz bigarren sailkatu zen, eta ondoren sei segundora ailegatu zen tropela; eta bertan etorri zen Aratz Unanue, 13. sailkatuz. Danel Beristain 26.a izan zen, 52 segundora; eta Iker Eizagirre 39. iritsi zen, minutu bat eta hemezortzi segundora. Berarekin batera helmugaratu zen Oñatz Etxabe, 40. Postuan; Peru Calvo 68. iritsi zen, bi minutu eta hamabost segundora, eta Kepa Korta, eroriko baten ondoren, 97. tokian ailegatu zen lau minutura.

Jon Berasategi izan zen lasterketa amaitzea lortu ez zuen bakarra. Irteeran 153 txirrindulari ziren eta 109k lortu zuten eguneko lanak burutzea. Hamazazpi talde parte-hartzaileetatik, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu bigarrena izan zen. Mendiko saria, lasterketako bigarren postua eta taldekako bigarren sailkapenarekin, pozik zen lasterketa bukatutakoan Beñat Sainz, baita taldekide guztiak ere. Taldekide gehienentzat denboraldiko bigarren lasterketa zen arren, Danel Beristainentzat lehenengoa zen. Emaitza horiek lortzeak neguan lana ondo egin dela, eta errepideko denboraldia gozatzeko denboraldia izango dela adierazten du; Viveros San Anton-Exclusivas Marduko kadeteak prest daude garaipenaren borrokan ibiltzeko.

Kadeteek Zarautzen izan zuten lasterketa, eta juniorrek berriz, Azpeitian. Taldeko sei txirrindularietatik bi ez ziren parte hartzeko moduan izan; Adur Tapia eta Lizar Tolosa. Adur Tapiak oraindik ere Berriatuan izandako erorikoaren ondorenak ditu, eta Lizar Tolosa ondoezik zegoen. Mattin Salegi eta Eneko Aranguren izan ziren ibilbidearen zailtasunei ondoen erantzun zietenak; Mattin Salegi 15. postuan sailkatu zen, eta Eneko Aranguren berriz, 16. postuan. Andde Etxaniz 77. iritsi zen, eta Aritz Aranbarri 119.

Azpeitiako lasterketaren ibilbidea eskalatzaileentzat egokia da; gogortasuna amaieran du eta taldeak ondo erantzun zuela esan daiteke. Mattin Salegik eta Eneko Arangurenek top 20a edozein lasterketetan helburu erraza dute norbere buruari gehiago eskatuz, eta beraz, helburu zailagoen bila joan behar dute; ur handitan sartzeko moduan daude.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txikienek Irunen izan zuten lasterketa igande goiz euritsuan. Ondo pasatu zuten eta lasterketa bikainak egin zituzten. Asko ikasi zuten euripean, bihurguneetako harriskua saihestuz aurrera egin zuten eta. Lasterketan ez zen erorikorik izan.

Aste honetan kadeteek larunbat goizean Deban dute lasterketa, ibilibide laua da, esprinterrentzat egokia. Jubenilek Mutrikun izango dute hitzordua; Kalbario bi aldiz egin beharko dute eta igotzaileentzat lasterketa izango da. Txikienek Oiartzunen BTT lasterketa izango dute. Infantil mailan Gipuzkoako tituloa izango da jokoan eta bertan 44 mutil eta hamalau neska izango dira; Borja Osa, Unai Egaña, Amets Alberdi eta Laia Zumeta Zumaiako Txirrindulari Elkartekoak tartean. Alebinen lasterketa ere jokatuko da, baina hori ez da Gipuzkoako Txapelketa izango. 59 mutil eta sei neska izango dira bertan; Izei Mendiluze, Oinatz Alberdi, Mikel Egaña, Inge Zumeta tartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide