Zumaiako Txirrindulari Elkarteko maila guztietako taldeetatik kadeteek bakarrik izan dute lasterketa Aste Santuan; joan den igandean Agurainen korritu zuten. 58 kilometroko lasterketa izan zen, txistu bizian leihatu zena, batez besteko abiadura orduko 42 kilometrokoa izan zelarik. 129 txirrindulari elkartu ziren irteeran, eta 94k lortu zuten lasterketa bukatzea.
Viveros San Anton-Exclusivas Mardutik Jurdan Regillaga eta Peru Calvo izan ziren helmugako marra zeharkatu ez zutenak; besteak, pelotoian heldu ziren. Azken kilometrora ondo kokaturik heldu ziren, garaipena leihatzeko moduan, baina kilometro horretan baziren biribilgune bat eta bihurgune arriskutsu bat, eta bietan erorikoak izan ziren, txirrindularien kokapenean traba egin zutenak eta hortxe ihes egin zuten ohorezko postuetarako ametsek.
Danel Beristain izan zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardutik onena: 25. tokian sailkatu zen. Aratz Unanue 35. izan zen, Iker Eizagirre 40., Oñatz Etxabe 50., eta Beñat Sainz, azkenik, 54.
Asteburu honetan kadeteek Eibarren igande goizean izango dute lasterketa, eta jubenilek, berriz, bihar, larunbata, Deban 105 kilometroko lasterketa gogorra (Lastur, Itziar, Kalbario zailtasunik handienak) eta igande arratsaldean Elgoibarren, San Pedro auzoan, 3 kilometroko igoera pikoan bukatuko delarik lasterketa.
Datorren astean jubenilek Gipuzkoako Klasikoa korrituko dute munduko junior onenekin batera: Ormaiztegin eta Donostiako Egian izango dira etapak.