Urte askoan Zumaian Txirrindularitzaren alde lan egindako Sebastian Vicente hil eta bera omentzeko modurik onena izan zen taldeka lortutako garaipena. Lasterketa ibilbideagatik gogorra zen, 105 kilometrokoa: Lasturko igoera, Itziar eta Kalbario, baina karrerako baldintzek areagotu zuten gogortasuna, euria barra barra bota baitzuen lasterketa guztian zehar.
Txirrindulariek ere hasieratik lanerako gogoa erakutsi zuten, eta oso erne ibili zen Eneko Aranguren. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak eguneko ihesaldian sartu eta ederki jokatu zituen bere aukerak, eta azkenean laugarren ailegatu zen Debako helmugara. Mattin Salegi seigarrena izan zen, atzetik aurrera lasterketa ikusgarria eginez eta Adur Tapiari zorteak bizkarra eman zion. Bigarren multzoan, Mattin Salegiren multzoan zihoala Itziar jaisten erorikoa izan zuen, eta denbora galera handia izan zuen nahiz eta gero zerbait errekuperatu eta hamaseigarren tokian helmugaratu. Txirrindulariak ia-ia banaka heldu ziren helmugara eta Eneko Aranguren eta Mattin Salegiren denborarekin taldekako sailkapena irabazteko moduan izan zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu. 147 txirrindulari abiatu eta 94 heldu ziren helmugara, 40 kilometro orduko bataz besteko abiaduran osatutako lasterketan.
Hurrengo egunean, Elgoibarren berriz ere taldeko onena izan zen Eneko Aranguren, bere sasoi ona, pedal kolpe ona, buru argia eta gogoak hasieratik lasterketan sartuta egotera eraman zuen, eta berriz ere pelotoia zatitu zenean Eneko Aranguren lehen taldean zen, nahiz eta asko gelditu amaierarako. 23 txirrindulariz osatu zen lehen taldea.
Lasterketa amaierako San Pedroko igoera malkartsuan erabaki zen, ordurako aurrekoan bezala atzetik aurrera egin eta onenekin bat egitea lortu zuen Mattin Salegik. Kartutxo asko gastatuta azken malda pikoak indarra eskatzen zuen erritmoari eusteko. Helmugan Eneko Aranguren hamabigarrena izan zen, Mattin Salegi hemezortzigarren, Adur Tapia 32., Aritz Aranbarri 51., Andde Etxaniz 73. eta Lizar Tolosa izan zen bukatu ez zuen bakarra.
107 txirrindularik parte hartu zuten, eta lasterketa bukatu, 78k. Taldeka, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu hirugarrena izan zen. Asteburu honetan denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenetakoa izango dute jubenilek, Gipuzkoako Klasikoa. Nazioarteko mailako lasterketa da, eta Europako juniorrik onenak bertan izango dira. Lehen etapa larunbatean Ormaiztegin jokatuko da, eta bigarrena Egia-Donostian. Azterketa benetan exijentea Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindularientzat, maila horretako kontrarioekin lasterketa bakarra hauxe baita. Urrutira joan gabe iazko podiumeko hiru ziklistak munduko txapelketan sei lehenengoen artean sailkatu ziren, eta iazko irabazlea hamalaugarren izan da 23 urtez azpikoen lehian Lieja-Bastone-Liejan (Huising).
Kadeteek Eibarren izan zuten lasterketa igandean, 147 txirrindulari abiatu ziren eta 74k bakarrik lortu zuten 68 kilometroko ibilbidea osatzea. Ihesladitxo bat izan zen, baina Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak pelotoian heldu ziren. Onena Danel Beristain hamahirugarren tokian, 22. Iker Eizagirre, 24. Aratz Unanue, 33. Beát Sainz eta 74 Jurdan Regillaga (Iraetakoak bukatutako lehen lasterketa izan zen, eta azkena zenez gazta bat irabazi zuen ordainean); Peru Calvo, Kepa Kopa, Jon Berasategi eta Oñatz Etxabek ez zuten lasterketa bukatzerik izan. Asteburu honetan Beasainen izango dute kadeteek lasterketa, eta ibilbide amaieran Olaberriako malda pikoa gainditu beharko dute Beasaingo helmugara aileagatu aurretik.
Infantil, alebin eta benjaminek Hernanin izango dute larunbat arratsaldean heuren lasterketa.