Viveros San Anton-Exclusivas Mardurentzat asteburua borobila izan da aurrekoa. Kadeteek Arronizen taldekako sailkapena irabazi zuten; juniorretan, Beran, Adur Tapiak lasterketa irabazi zuen, non Andde Etxaniz izan zen protagonista helmugarako zortzi kilometroren faltan harrapatu zutelarik. Infantiletan, Gipuzkoako Txapelketan, Borja Osa lehen urtekoen artean onena izan zen eta alebinetan Inge Zumetak hirugarren amaitu zuen. Beti hobetu daiteke, baina asteburua ona izan dela ezin ezkutatu.
Arronizen bost txirrindulariz osatutako eguneko ihesaldian Viveros San Anton-Exclusivas Marduko bi txirrindulari sartu ziren: Aratz Unanue eta Beñat Sainz. Helmugan Aratz Unanue laugarren sailkatu zen eta Beñat Sainz bosgarren; Danel Beristain lehen pelotoian helmugaratu zen; goranzko joera zuen amaierak eta 15. sailkatu zen. Atzerago Iker Eizagirre 45. sailkatu zen eta Kepa Korta 57. Taldearen lanaren ordaina taldekako saria izan zen, bigarren taldeari, Cafenasa nafarrari, hiru minutuko tartea atereaz.
Arronizen bikain hasitako asteburuari jubenilek Beran aparteko errematea eman zioten. Lasterketak ibilbide bihurri eta gogorra izan zuen; luzea ez, 70 kilometroko lasterketa izan baitzen, eta bertan Adur Tapiak garaipena lortu zuen. Aparteko garrantzia du garaipen honek, osasun arazoak izan eta atsedenean ere egon behar izan baitu Tapiak; itzuli eta bigarren lasterketan garaipena lortu du. Adur Tapia ez dago sasoiko baina duen maila erakusten du garaipen honek. Hala ere, Berako lasterketako benetako protagonista Andde Etxaniz izan zen: 50 kilometro egin zituen bakar bakarrik lasterketa buruan ihesita; beti minutu bat eta minutu eta 20 segundoko tarteari eutsiaz pelotoi jendetsuari. Karrera bukatzeko zortzi kilometroren faltan irentsi zuten pelotoitik abiatu ziren lehenek; azken igoera malkartsuan, baina, hala ere Andde Etxanizek zuen dena emanaz zortzigarren sailkatzea lortu zuen.
Mattin Salegik ez zuen zortea alde izan, hamargarren posturako esprintean erori egin zen, helmugarako 100 metro faltan, eta eroriko horrek ere enbarazu egin zion Eneko Arangureni. Helmugan izandako gorabehera horiekin ezin izan zen lasterketa handi bat borobildu. Eneko Aranguren 19. sailkatu zen azkenean; Aritz Aranbarri orain arteko lasterketarik onena osatuz 25. sailkatu zen, eta Mattin Salegi amorrazita 35. tokian sailkatu zen. Taldeko hirugarrenak izan ziren Viveros San Anton-Exclusivas marduko txirrindulariak. Bezperan, Lazkaomendiko lasterketan, karrera ona egin arren, amaieran ezin izan zuten luzitu; 100 kilometro ondoren, Zaldibartik Lazkaomendira doan amaierako malda pikoan, Eneko Aranguren izan zen taldeko onena 9. tokian; Adur Tapia 12., Mattin Salegi 17. eta Andde Etxaniz 56.
Eneko Aranguren Gipuzkoako rankingean une honetan bosgarrena da eta sailkapen horri esker Gipuzkoako Selekzioarekin asteburu honetan Frantzian izango da; Girondeko Tourrean parte hartuko du Gipuzkoako Selekzioak Frantziako juniorrik onenekin batera, baita Europako hainbat talde esanguratsurekin batera ere. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko gainontzekoek Etxarrin izango dute lasterketa larunbat arratsaldean.
Taldekako infantil eta kimuen Gipuzkoako txapelketak
Tolosan aurreko asteburuan infantil eta kimuen mailako Gipuzkoako txapelketak jokatu ziren. Infantil mailan, mutiletan, Borja Osak seigarren amaitu zuen, lehen urtekoen artean aurrena izan zelarik. Nabarmentzekoa da taldeko hiru kideak finalerako sailkatu zirela: Borja Osa, Unai Egaña eta Amets Alberdi. Nesketan podiumetik oso gertu gelditu zen Laia Zumeta, karrera bikain bat osatu ondoren. Kimuetan, Inge Zumetak podiuma zapaldu zuen, Gipuzkoako hirugarrena izan baitzen. Mutiletan Raul Flaysher, Oinatz Alberdi eta Mikel Egaña beren txandan ederki defendatu ziren, kontutan izanda Gipuzkoa osoko txirrindulariak elkartu zirela Tolosan.
Larunbat honetan, 16.00etatik aurrera, taldekako Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dira Beduan, Jose Mari Korta industriagunean. 200 txirrindulari inguru bertarako dura 19.00ak aldera sari banaketa egiteko moduan izango dira Zumaiako Txirrindulari Elkarteko eta Gipuzkoako Federazioko ordezkariak.