Aitor Agirre Gipuzkoako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko eka. 16a, 17:30

Erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Aitor Agirre zumaiarrak, nagusitasunez irabazi ere, bigarrenari minutuko tartea atera baitio. Ibilbideko marka berria ere jarri du, aurrez Enekoitz Azparrenek (Euskaltel Euskadi) zuena, 8 segundotan hobetuz.

Aizarnazabalgo ibilbideko 21 kilometroak 26 minutu eta 29 segundotan osatu ditu Agirrek (Laboral Kutxa)  47,58 kilometro orduko bataz besteko abiaduran.

Junior mailan 14,4 kilometroko distantzian Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko hiru txirrindulariak parte hartu dute (Gipuzkoako rankingeko hamabost lehenak izaten dute eskubidea), eta Adur Tapiak hirugarren amaitu du, Eneko Arangurenek laugarren eta Mattin Salegik hamargarren. Oso oso lan ona egin dute hirurek iazko denborak minutu batean hobetuz.

Igandean, berriz, errepideko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Anoetan. Eneko Aranguren izan zen onena, hirugarren zeharkatuz helmugako marra. Adur Tapia seigarren sailkatu zen, eta Mattin Salegi hamaikagarren zetorren arren, 3 kilometro faltan matxura izan eta ahal zuen bezala amaitu zuen, 25. postuan sailkatuz.

Andde Etxanizek ere ihesita ibili ostean lasterketa ondo bukatzea lortu zuen. Larunbatean, berriz, Gasteizen Espainiako Koparako puntuagarria zen karreran, Adur Tapia onenen multzoan ailegatu zen helmugara, eta Eneko Aranguren eta Mattin Salegik ere bukatu zuten lasterketa. Asteburu honetan Tapia, Aranguren eta Salegi Gipuzkoako selekzioarekin izango dira Nafarroako Klasikan; besteek Eibarren izango dute lasterketa.

Kadeteek igandean banakako erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketa izan zuten Bergaran. Taldeko onena Beñar Sainz izan zen: seigarren amaitu zuen arroarrak. Larunbat arratsaldean Arroan izango da kadeteen lasterketa.

Benjamin, alebin eta kimuek denboraldiko azken lasterketa izango dute larunbatean Donostian.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide