Beti ez du onenak irabazten. Urdiainen onena Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Beñat Sainz izan zen; bakarrik ihesi zen, gero, beste birekin ibili zen, eta zazpiko ihesladi batean ere sartu zen. Tarteko helmugak irabazi zituen, eta mendiko saria irabazi zuen; baina, lasterketa helmugako lerroan galdu zuen. Izan ere, urrutitik ekin zion, eta marran bertan gainditu zuen Iturratek (Iruki).
Taldeak ere ondo erantzun zuen. Beristain 12. sailkatu zen, Unanue 18. eta Korta 23. Emaitza hauekin taldekako sailkapenean bigarren izan ziren, parte hartu zuten 25 taldeen artean.
Kadeteek asteburu honetan bi lasterketa izango dituzte; larunbatean, Amaroz-Tolosan, eta, igandean, Gopegin (Araban). Jubenilek, berriz, Igorren (Bizkaia) izango dute lasterketa.
Tour de Val'Romey
Datorren astean Frantzian junior mailako Europako itzulirik onena jokatuko da, Tour de Val´Romey. Talde eta selekzio askok parte hartu nahi izaten dute bertan, eta Gipuzkoako Federazioak lortutako gonbite txartelarekin bertan parte hartuko dute Adur Tapia eta Eneko Aranguren Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek.
Itzuli hau, adibidez, Tourreko Donostiako etapa irabazi berri duen Victor Lafay-k 2014ean irabazi zuen. Benetan itzuli gogorra da, bost etapa ditu, eta azken etapa amaiera Colombier erraldoian izango da. Hortik atera kontuak! Junior maila ikasteko maila da, nahiz eta gaur egun juniorretatik profesionaletara urratsa ematen dutenak gero eta gehiago izan, horietako bat baino gehiago izango dira Tapia eta Arangurenen pelotoikideak itzuli honetan.
Etxean uztailaren 15ean izango da Junior mailako lasterketa.