Gipuzkoako Federazioak, ikusita bat-batean Trafikok denboraldi hasieran adostutako irizpideak ez zituela errespetatzen eta lasterketa guztietarako baimenik ezean, denboraldia bertan behera gelditzen zela iragarri zuen. Lasterketak txirrindularientzat direnez, eta etorkizuna babestu ahal izateko antolatzaileak babestu behar zituztela ikusita, Gipuzkoako taldeen batzarrak erabaki zuen lurraldetik kanpora ere ezingo zela lehiatzera joan. Alde guztiek bat egin eta presio handia eginda, azkenean politikariak mugitu eta argi berdea eman zaie lasterketa guztiei. Ondorioz, irailaren 24ra arte lasterketak izango dituzte Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek.
Juniorrek Iruñerriko Itzulian presentzia handia izan zuten. Lau eguneko itzulian, lehen bi etapen ostean Adur Tapiarekin itzulia irabazteko borrokan sartuta zegoen taldea. Hirugarren etapan, baina, gauzak ez ziren nahi bezala joan eta Tapiak aukera guztiak galdu zituen. Laugarren etapan taldeko lau txirrindulariek benetako heuren maila eman zuten: Mattin Salegi eguneko ihesaldian sartu zen, eta helmugarako hiru kilometroren faltan irentsi zuen pelotoiak, non Adur Tapia eta Eneko Aranguren zetozen etapa dotore bat egin ostean; Andde Etxanizek ere laugarrena izan zuen etaparik onena, hori hirugarren etapan erori eta dezenteko kolpea eta zauriak zituelarik; oso-oso ondo erantzen zuen azken egunean. Nabarmendu behar da itzuli honetan Mattin Salegi ihesaldietan protagonista izan zela.
Itzuli horren ondoren, Obanosen berriz ere, Mattin borrokarako prest azaldu zen, eguneko ihesaldian sartu zen; jendetsua zen ihesaldia eta hamahirugarren bukatu zuen lasterketa; Eneko Arangurenek 30.
Zarauzko gau kriteriumean ere parte hartu dute egunotan Andde Etxanizek eta Mattin Salegik. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Salegi puntuaketan eta kanporaketan, bietan bigarren sailkatu zen.
Kadeteei dagokienez Tafallan izan zuten lasterketa aurreko astean, atseden txiki baten ondoren. Haizea aurka, albotik… Gipuzkoan ohikoak dituzten baldintzekin konparatuz oso egoera ezberdinak kudeatu behar izan zituzten Nafarroako bideetan baita ondo erantzun ere: Aratz Unanue bosgarren sailkatu zen, Beñat Sainz bederatzigarren eta Danel Beristain hemeretzigarren.
Kadeteek hemendik aurrera lasterketa gutxi izango dituzte baina bigarren urtekoek juniorrekin batera parte hartzeko aukera izango dute, eta hortxe heuren maila neurtzeko ilusioz daude kadete zumaiarrak.