Denboraldi amaiera polit bat egiteko prest da. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulari zumaiarra azken lasterketetan eguneko ihesaldian sartu eta lasterketak ohorezko postuetan bukatzeko moduan izan da. Obanosen bezala, Astigarragan ere eguneko ihesaldian izan zen; lasterketaren buruan ziren bost txirrindulari horietako bi une honetan Espainia mailako juniorrik onenetakoak dira, eta datorren astean Espainiako selekzioarekin Italian korrituko dutenak. Haiengandik gertu daude dozena bat txirrindulari, eta horietako bat da Mattin Salegi. Lasterketak 90 kilometro izan zituen, eta 2. kilometroan sortu zen egoerak lasterketa amaiera arte iraun zuen.
Helmugan Mattin Salegi 14. sailkatu zen, eta pelotoiaren buruan helmugaratu ziren Eneko Aranguren (18. postuan) eta Adur Tapia (19.); Andde Etxanizek, berriz, 42. tokian zeharkatu zuen helmugako marra. Lasterketa oso gogorra izan zen eta 46 txirrindularik bakarrik amaitu zuten proba, abiatutako erdiek; horien artean bigarren urteko kadeteak ziren. Kepa Kortak, Danel Beristainek eta Aratz Unanuek ezin izan zuten amaitu, lasterketaren lehen kilometroetan atzeratu eta jarraitu ezinda gelditu ziren, ez horrela Beñat Sainz. Arroarra pelotoian ondo kokatu zen eta egoera guztiak salbatu zituen; duintasunez 36. postuan amaitu zuen. Guztira, lau izan ziren lasterketa amaitu ahal izan zuten kadeteak.
Gaur Nafarroako Murietan izango dute lasterketa kadeteek, eta asteartean Lakuntzan; hortxe bukatuko dute denboraldia lehen urteko kadeteek. Bigarren urteko kadeteek, berriz, jubenilekin batera korritu ahal izango dute irailean, Astigarragan egin zuten bezala. Hurrengo lasterketa irailaren 2an izango dute Ibarran, eta irailaren 3an jubenilak bakarrik lehiatuko dira Beasainen. Bertan izango dira Euskal Herriko eta Espainiako hainbat talde, onentsuenak bertan izango dira. Lasterketa hori prestatuko dute ibilbidean bertan asteburu honetan jubenilek. Beasaingo lasterketa itzal handiko lasterketa da estatuko juniorren artean.