Kadeteen azken lasterketak Nafarroan izan dira. Murietan azken mendatearen ondoren lasterketa buruak ihes egin zien Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariei, eta, azkenean, herri barruko aldapatxo baten amaieran kokaturik zegoen helmugako pankartapetik hemeretzigarren pasatu zen Beñat Sainz. Zumaiako taldeko hurrengoak, berriz, hauek izan ziren: Aratz Unanue 27., Danel Beristain 33., Kepa Korta 41. eta Iker Eizagirre 45. Taldeka Viveros San Anton-Exclusivas Mardu seigarrena izan zen.
Mario Elizburu oñatiarrak irabazi zuen lasterketa eta garaile bera izan zuen Lakuntzako lasterketak ere. Ibilbide sigi-sagatsua zuen lasterketak eta amaieran Kateako igoera eta Unanuko malda tentea, baina zelaian erabaki zen lasterketa. Bost txirrindularik aurrera egin, pelotoian lo hartu eta azken kilometroak lasai egiteko adina tarte hartu zutenean aurrean zihoazenek. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko lehen txirrindularia Beñat Sainz izan zen. Zortzigarren ailegatu zen helmugara. Danel Beristain hamahirugarrena izan zen, Aratz Unanue 34.a eta Kepa Kopa 42.a. Taldeka 4. Sailkatu zen Viveros San Anton-Exclsuivas Mardu.
Lehen urteko kadeteek honela amaitu dute denboraldia eta bigarren urtekoek irailaren 24arte juniorrekin lehiatzeko aukera izango dute. Gaur, Ibarran jokatuko dute junior eta bigarren urteko kadeteen lasterketa, eta, probak amaieran du zailtasuna oso aldapa tenteak dituelako azken zati horretan. Bihar, berriz, estatu espainiarreko sona handiko lasterketa jokatuko dute, Beasainen, non estatuko txirrindulari oso onak bertaratuko diren. Horien artean, Markel Beloki erlojuaren aurkako Espainiako txapelduna eta datorren urtean World Tourrean korrituko duena Education First taldearekin. Harekin batera, Marcos Freire ere izango da edo Alberto Contadorren EOLO taldea. Bada, horiekin guztiekin lehiatuko du Viveros San anton-Exclusivas Marduk. 4 txirrindularik ordezkatuko dute taldea Goierriko errepideetan: Mattin Salegik, Eneko Arangurenek, Andde Etxanizek eta Adur Tapiak. 110 kilometroko ibilbidea du lasterketak eta zailtasun nagusiak izango dira Atagoitiko igoera bi aldeetatik, Gabiriakoa eta Olaberriakoa bi aldiz.