Viveros San Anton-Exclusivas Mardu Oñatin eta Liernian

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko ira. 15a, 17:00

Denboraldia azkenetan da eta nabari da txirrindularien zangoetan. Nekea pilatuta dago, hankak ez daude fresko eta burua ere saturatu xamarra dago. Hala ere Oñatin eta Liernian ere lasterketa bikainak osatu dituzte Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek.

Askotan lasterketan egindako lanak sailkapenean ez du merezitako emaitza erakusten, baina junior mailan garrantzia handia eman behar zaio jarrerari, eta horretan 10 bat jarri behar Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistei. 

Oñatin larunbatean 84 kilometroko ibilbidean sei mendate izan zituzten txirrindulariek, oso lasterketa gogorra izan zen, eta hala ere azken 10 kilometroetan eta azken mendatearen aurretik lehen multzoan ziren Mattin Salegi eta Eneko Aranguren. Mattin Salegik kemena izan zuen Gari Ugarterekin (junior mailako estatuko onenetakoa) ihes egiteko eta aurkariak probatzeko. Azken igoeran, hala ere, ordaindu egin zuen, ezin izan baitzion eutsi lasterketako faboritoen erritmoari. Helmugan Mattin Salegi 21. sailkatu zen, eta Eneko Aranguren 27.  120 txirrindulari elkartu ziren irteeran, baina 61k bakarrik lortu zuten bukatzea, hortik meritua hiru kadeteek lasterketa bukatu izana: Danel Beristain 45. izan zen, Beñat Sainz 53. eta Aratz Unanue 54. 

Igandean Liernian bi zati dituen lasterketa jokatu zen, bestalde. Aurrena, iraupenekoa: Mattin Salegi hamabosgarren sailkatu zen eta Beñat Sainz 25. Sailkapeneko 40 lehenek ondoren erlojuaren aurkakoa jokatu zuten Segura eta Liernia artean, eta proba hau jokatu ezinda gelditu ziren Eneko Aranguren eta Iker Eizagirre. Erlojuaren aurkakoan Mattin Salegi 21 izan zen, eta Beñat Sainz 37. Sailkapen nagusian Mattin Salegik hamabosgarren bukatu zuen, eta Beñat Sainzek 26., sailkapeneko bigarren kadetea izanik.

Asteburu honetan igandean Zarautzen da lasterketa. Zarautz-Zumaia-Oikia- Meaga-Zarautz zirkuituari lau itzuli emango dizkiote txirrindulariek, 83 kilometro osatuz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide