ZTEk lanean segitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko aza. 24a, 10:00

Ormaiztegin izan ziren Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gazteenak igandean Ziklo Kroseko teknikak ikasten eta maisu lanetan bi profesional handi izan zituzten: Gorka eta Ion Izagirre (Movistar-Cofidis). 

Ormaiztegiko zirkuitua lokaztuta zegoen, eta benetako ziklo krosa zer den ederki ikusi zuten Mairi Lejarreta, Oinatz Alberdi, Inge Zumeta, Amalia eta Amaia Agirrek. Gorka eta Ion Izagirrek gaztetxoekin hitz egin zuten, eta baita aholku ugari eman ere. Lehiaketen aurretik beren ikasteko prozesuan jarraitzen dute txirrindulari elkarteko gaztetxoenek, eta igande honetan Ataunen izango dute pistako ziklismorako hastapen jardunaldia.

Kadete eta juniorrek neguko plangintzarekin jarraitzen dute; batzuk pistako Gipuzkoa Challengean parte hartzen ari dira. Hirugarren jardunaldia jokatu zen aurreko larunbatean. Partaide kopurua ikaragarria da, eta txukun ari dira defendatzen Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak. Junior mailan Beñat Sainz zazpigarren da eta Iker Eizagirre 23.a; kadeteetan, Oñatz Etxabe 24.a eta Amets Alberdi 33.a

Juniorrek hiru lasterketa izan zituzten eta kadeteek bi. Junior mailan scratxean Iker Eizagirre hamahirugarren sailkatu zen eta Beñat Sainz hamazazpigarren; kanporaketan Beñat Sainz hamaikagarren egin zuen, eta Iker Eizagirrek 24. Puntuaketan, Beñat Sainz hamalaugarren sailkatu zen, eta Iker Eizagirre 24. Kadete mailan, scratxean, Oñatz Etxabe 20. eta Amets Alberdi 29, eta puntuaketan, Oñatz Etxabe hamabigarren eta Amets Alberdi 26.

Larunbat honetan, laugarren jardunaldia jokatuko dute, eta kadete eta juniorrez gain, open mailako txirrindulariak hasiko dira lehiatzen. Open mailako zazpi txirrindularik bakarrik eman dute izena, horien artean, Yago Agirre profesionalak, eta hain gutxi izanik, juniorrekin batera korrituko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide