Puntuak banatu dituen azken proba aurreko larunbatekoa izan zen: juniorrentzat oso proba exijentea, txirrindulari profesionalak eta pistako Espainiako eta Frantziako selekzioko lau kide ere beraratu baitziren.
Lasterketetako erritmoa ikaragarria izan zen, eta asko nabaritu zen batzuen eta besteen arteko aldea. Xabier Mikel Azparren, Yago Agirre, Dorian foulon, Allande Larrunde, Jaime Romero eta Tasio Senperena, besteak beste, lasterketa ezberdinetako izarrak izan ziren, eta hauen erritmo bortitzean ondo baino hobeto defendatu zen Beñat Sainz, juniorren artean beste behin ere nabarmenduz.
Scratchean Beñat Sainz hamargarren sailkatu zen, kanporaketan zortzigarren, eta puntuaketan hamabosgarren. Emaitza hauekin, sailkapen nagusian bigarren kokatu da arroarra, eta postu horixe defendatu beharko du 2024ko hasieran, Challengeko azken proba puntuagarrian.
Iker Eizagirrek nahiago izan zuen juniorrekin bakarrik lehiatu, eta B txandako lasterketetan ondo ibili zen, scratcha nagusiekin egin eta bere tokia hori ez zela ikusi ondoren. Kanporaketa seigarren bukatu zuen, eta puntuaketa hamaikagarren. Emaitza hauekin, sailkapen nagusian hamaseigarrena da Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindularia. Bi junior hauek (Beñat Sainz eta Iker Eizagirre) gaur Madisonerako bikotea osatuko dute (garai batean amerikana esaten zitzaiona, txandakatuz jokatzen den iraupeneko lasterketa da).
Kadeteen mailan, Oñatz Etxabe A txandan edo onenen txandan lehiatu zen, eta denboraldiko jardunaldirik borobilena osatu zuen: scratchean 23., kanporaketan 15. eta puntuaketan 11.
Sailkapen nagusian Aizarnazabalgoa hemezortzigarrena da. Amets Albedri B txandan lehiatu zen, oso txukun lehen urtea duela kontutan izanda: scratcha hemeretzigarren bukatu zuen, kanporaketa hamabigarren ea puntuaketa hamaikagarren. Amets Alberdi zestoarra sailkapen nagusian 34. tokian da. Asteburu honetako jardunaldian abiadurako lasterketa osagaiak korrituko dituzte.
Halaxe amaitutzat emango dute 2023a, eta 2024ari ongi etorria emanez, taldeko txirrindularietatik lehiatzen lehena, hau da, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko mailota estreinatzen lehena, Lukas Blanco zarauztarra izango da hilaren 7an Ormaiztegiko ziklo krosean.