Lehen urtea du junior mailan eta oso balorazio ona egin behar da, lorpena handia baita. Torneoan Iparraldeko, Nafarroako, Gaztela eta Leongo, Asturiaseko eta Bizkaiko txirrindulariak leihatu dira gipuzkoarrekin batera; guztira 95 txirrindularik parte hartu dute eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Beñat Sainzek egindakoa. Azken jardunaldian podiumeko postua defendatzera atera zen, Iker Eizagirre taldekidearen laguntzarekin, eta lan borobila osatu zuen, helburua lortuaz: torneoa bigarren amaitzea.
Junior mailan, Iker Eizagirrek 16. tokian amaitu du torneoa eta kadete mailan Zumaiako taldeko beste bi txirrindulari lehiatu dira; Oinatz Etxabek 16. amaitu du sailkapen nagusian eta Amets Alberdik 32. Kadeteen artean parte hartzea handia izan da: 115 izan dira guztira parte hartu dutenak Gipuzkoa Torneoan.
Pistari dagokionez Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek hilaren 27an Tafallan korrituko dute Espainiako Kopako proba. Horren ondoren, otsailaren 17an eta 18an, Donostiako Belodromoan jokatuko diren Gipuzkoako Txapelketei begira jarriko dira eta ondoren errepidea hasiko da; otsailaren azken asteburuan estreinatuko da errepideko denboraldia maila guztietan. Urtero bezala, Zumaiak estreinatuko du denboraldia 23 urtez azpiko eta elite mailakoen lasterketarekin.
Alebin eta infantilek Asteasun izan zuten BTT lasterketa, denboraldiko lehena. Oso maila onean ibili ziren Zumaiako Txirrindulari Eskolako txirrindulariak, nahiz eta infantiletan ikaragarri baldintzatu zieten azken emaitza irteerako kokapenak; atzetik aurrera lasterketa oso ona egin zuten Borja Osak eta Amets Alberdik, baina inoiz ez ziren podiumeko borrokan sartzeko moduan izan. Alebin nesketan, jaun eta jabe izan zen hasieratik amaieraraino Amaia Agirre zumaiarra; aldearekin irabazi zuen. Amalia Agirre, bere ahizpa, podiumerako borrokan ibili zen, azkenean laugarren sailkatu zen eta irteerako kokapen txarraren ondoren Mari Lejarretak atzetik aurrera lasterketa bikaina osatu zuen.
Harrobiko txirrindulariek Irunen izango dute igande honetan BTTko hurrengo lasterketa, hauek ere otsaila bukaeran hasiko dute errepideko denboraldia.