112 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek eta amaieran ziur aski esprinta izango da, halaxe bukatu baita gehienetan. Denboraldiko karrera bakarretakoa da pelotoi handi bat esprintean heltzen dena. Zumaiako lasterketa berezia da: esprinterrentzat egokia izateaz gain, junior mailatik pasa direnentzat ere egokia da, ez baitu ibilbidean aparteko zailtasunik.
Lasterketa honetan bi zumaiar izango dira parte hartzen: Aitor Agirre eta Mattin Salegi. Aitor Agirrek Laboral Kutxako mailotarekin hirugarren sasoia hasiko du; Mattin Salegik, berriz, maila estreinatuko du eta Eulen-JiraBira izango da bere taldea. Zumaiako lasterketan bertako taldean ibili diren beste bi debutari ere izango dira: Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldetik sub 23 mailara igarotako Eneko Aranguren eta Adur Tapia. Arangurenek Eulen-JiraBirarekin parte hartuko du eta Adur Tapiak Eiser-Hirumetekin.
Hego Euskal Herriko lehen lasterketan 170 txirrindulari inguru izango dira irteeran goizeko 10:00etan eta lanak bukatuta, 12:30ak aldera izango dugu Euskaldun Torneoko lehen liderraren izena, lasterketa Torneorako puntuagarria baita.