Hasiera ona errepideko denboraldiari

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko mar. 1a, 15:00

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistak, Eibarko proban. (Aritz Aranbarri)

Eibarren eman diote hasiera errepideko denboraldiari Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek. Junior mailakoak izan dira denboraldia estreinatzen lehenengoak, eta guztiek ere maila estreinatu arren –taldekide guztiak lehen urtekoak dira–, oso maila onean ibili dira, bi taldekide hamar lehenengoen artean sailkatuz.

Kepa Korta eta Iker Eizagirre izan ziren ordekan lana egin zutenak, ihesaldiak kontrolatuz eta taldekideak babesten; hauen lan bikainari, San Migelko igoera heldu zenean, Aratz Unanuek eta Beñat Sainzek erantzun ona eman zioten, lasterketa buruan gelditu zen hamabiko taldetxoan sartu eta Eibarko helmugara hauekin ailegatuz. Eibarko Udaberri Sariaren sailkapenean, 153 parte hartzaileren artean, Beñat Sainz 8.a izan zen eta Aratz Unanue 9.a. Iker Eizagirre 68. sailkatu zen eta Kepa Korta 78. 

Juniorrek asteburu bete-betea izango dute: Mutrikun larunbat arratsaldean eta Altsasun igande goizean lasterketak izango dituzte. Mutrikun Kalbario bi aldiz gainditu beharko dute eta Altsasun, berriz, Altamira. Datorren astean, aldiz, Zumaian, etxean izango dute lasterketa; bertara, Euskal Herriko 200 txirrindulari junior etorriko dira, Euskal Herria Torneoko lehen lasterketa puntuagarria izango baita. 

Kadeteek errepideko denboraldiari hasiera emango diote; ohi denez, Beasainen hasiko da denboraldia eta hemen ere 200 txirrindulari elkartuko dira. Parte hartzaileen artean Kanariar Uharteetatik etorritako talde bat ere izango da. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldea sei ziklistak ordezkatuko dute: Jon Berasategi, Oñatz Etxabe, Peru Calvo, Lukas Blanco eta maila estreinatuko duten Unai Egaña eta Amets Alberdi. Kadeteek lasterketa bakarra izango dute asteburuan.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoenek ere errepideko denboraldia hasiko dute eta hasiera Zarautzen emango diote. Bertan, infantil, alebin eta benjamin mailako txirrindulariek parte hartuko dute. Zumaiako Txirrindulari Elkartea hamalau txirrindularirekin bertaratuko da, gaztetxoei ilusioz beteriko lehen pedalkadetan laguntzeko eta urduritasunak mendean hartzen eraskusteko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide