Guztira 200 txirrindulari lehiatuko dira Joxe Mari Kortaren oroimenezkoan, non lasterketaren ezaugarria den taldekako sariak duen garrantzia. Inon ez bezala, saririk onena taldekakoa da, aurten 500 euroko sari berezia.
Ibilbideak buruhausteak sortu dizkio antolakuntzari, kostako errepidea Getaria eta Zarautz artean itxita baitago. Azkenean, Zumaian goizeko 10:00etan hasi eta saihesbidetik itzuli bat eman ondoren, lau zakila bira emango dira (azken bietan Iraeta barrendik, Arroa Goiara doan maldatxoa gaindituko da) eta ondoren lasterketa Zumaiatik Getariara abiatuko da: Garateko gaina igo, Meagatik Oikira jaitsi, Oikia barrenetik zeharkatu eta Beduako maldatxoaren ondoren, Axular etorbidean 12:30ak alderako lasterketa bukatzeko.
Zumaiako lasterketaren aurretik beste karrera batzuk jokatu dira dagoeneko, eta Alimco talde arabarra nabarmendu da aurreko horietan. Adibidez, joan den larunbatean Mutrikun bost lehenengoak talde horretako txirrindulariak izan ziren, eta igandean, Altsasun, Gomez (Quesos Albeniz) irabazlearen ondorengo laurak Alimcokoak izan ziren.
Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldea bost txirrindularirekin irteeran izango da. Denboraldiko laugarren lasterketa izango dute lehen urteko etxeko ziklistek. Eibarren lehen taldean helmugaratu ziren Aratz Unanue eta Beñat Sainz. Mutrikun Beñat Sainz izan zen onena, 17. postuan; hotza eta euriarekin besteek gogotik sufritu zuten; hala ere 35., 38., 39. postuetan helmugaratu ziren Aratz Unanue, Iker Eizagirre eta Aratz Unanue, hurrenez hurren. 126 txirrindulari abiatu, eta 52 bakarrik heldu ziren helmugara. Igandean, oraindik ere gorputzek bezperako egurtua soinean zutela, eta elurra mara-mara ari zuela, jokatu zuten Altsasun lasterketa eta bertan Beñat Sainz bederatzigarren sailkatu zen, Aratz Unanue, berriz, 21. izan zen. 59 izan ziren bukatzeko gauza.
Asko sufritutako lasterketak izan dira jubenilentzat, baina era berean asko ikasi dute eta beraien gorputza ezagutzeko baliagarri ere izan dira esperientzia gogor hauek. Etxeko lasterketa on bat egiteko itxaropenarekin jantziko dute dorsala larunbatean Danel Beristainek, Kepa Kortak, Aratz Unanuek, Beñaat Sainzek eta Iker Eizagirrek. Zumaiako lasterketaren ondoren, igande arratsaldean Durangon izango dute hitzordua.
Kadeteak Beasainen
Kadeteek Beasainen hasi zuten errepideko denboraldia larunbatean. 188 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta lasterketa hastearekin batera eroriko handi bat izan zen. Kaltetuen artean izan ziren Jon Berasategi eta Unai Egaña; bizikletak matxuratuta segi ezinda gelditu ziren. Lasterketako pelotoi nagusian osatu zuten bide osoa Oñatz Etxabek, Lukas Blancok eta Peru Calvok. Olaberriako malda tentea izan zen erabakigarria. Denen artetik helmugan lehena Oñatz Etxabe izan zen, 34. postuan, Lukas Blanco 56. sailkatu zen, Peru Calvo 63. eta Amets Alberdi 120. 188 txirrindularietatik 132k lortu zuten bukatzea.
Kadeteek Mendaron dute bigarren lasterketa larunbat arratsaldean.
Infantil-kimuek podiuma urdin-gorriz jantzi zuten Zarautzen.
Etorkizuneko Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek Zarautzen ekin zioten denboraldiari. Benjaminetan Galder Zumeta nagusi izan zen, kimuetan Mikel Otañok bigarren bukatu zuen eta nesketan Amalia Agirrek irabazi zuen, Amaia ahizpa hirugrren sailkatu zelarik. Infantiletan Borja Osa bigarrena izan zen.
Hauek guztiek hilaren 17an Irunen izango dute hurrengo lasterketa.