Lehen urteko bost txirrindularik defendatuko dute taldea beste 28 taldeko txirrindulariekin batera osatuko den nazioarteko tropelean: Belgika, Herbehereak, Estatu Batuak, Irlanda, Ingalaterra eta Frantziako hamazazpi talde lehiatuko dira Gipuzkoako taldeekin batera eta Iparraldea, Nafarroa, Bizkaia eta Arabako selekzioekin batera. Bi etapa oso gogor izango dituzte Ormaiztegin larunbatean, eta Egia-Donostian igandean.
Aratz Unanue, Beñat Sainz, Danel Beristain, Kepa Korta eta Iker Eizagirre Europako juniorrik onenekin batera korritzeko prestatu dira. Klasikoaren maila ikusita, azterketa gogorra dute euskal ziklistek, baina ikasteko lagungarri izango zaie, termometro ona baita Gipuzkoa Klasikoa. Aurreko edizioetako irabazleen artean Huising (Visma), Carlos Rodriguez (Ineso), Juan Ayuso (UAE), Antonio Morgado (UAE) eta Unai Iribar (Kern Pharma) daude; aurten ere Klasikoa irabazten duena etorkizunean mailarik gorenean ikusiko dugu. Klasikoa denboraldiko helburuetako bat da eta Aratz Unanue eta Beñat Sainz ondo ailegatu dira. Aratz Unanue laugarren sailkatu zen joan den igandean Lizarran eta 22. Seguran. Beñat Sainz, hamargarren Lizarran eta hamaikagarren posturako lehian zetorrela, bost kilometroren faltan zulatua izan, eta hemeretzigarren amaitu zuen Seguran. Danel Beristain 24. postuan sailkatu zen Lizarran, baina osasun arazo ugariren ondoren, pedal kolpea berreskuratzen ari da. Iker Eizagirrek alergiekin nahikoa lan badu egoera gobernatzen, eta Kepa Kortari jarraikortasuna falta zaio, gaixoaldi bat beste batekin uztartzen ari baita. Youtubeko kanalean jarraitu daitezke Gipuzkoako Klasikoko bi etapak.
Kadeteek igandean Lizarran izango dute lasterketa. Aurrekoan bost joan ziren Eibarrera eta bostek amaitu zuten lasterketa: Lukas Blanco eta Oñatz Etxabe pelotoi nagusian helmugaratu ziren, 25 eta 26. sailkatuz; Unai Egaña 66.a izan zen; Jon Berasategi 89. helmugaratu zen eta Amets Alberdi 112. Guztira, 187 txirrindulari abiatu ziren, eta 138k bukatu zuten lasterketa. Azkar ibili ziren 60 kilometroko ibilbidea orduko 41 kilometroko abiadan osatuz.
Txikienak luzitu egin ziren Gipuzkoako BTT txapelketan. Kimuen mailan, nesketan, Amalia Agirre hirugarren sailkatuta podiumean izan genuen; ondoren sailkatu ziren Amaia Agirre eta Mairi Lejarreta. Kimu mutiletan Mikel Otaño podiumaren atarian gelditu zen, lasterketa zoragarria egin ostean. Haurren kategorian, nesketan Inge Zumetak indarrak oso ondo kudeatu zituen, atzetik aurrera lasterketa bikaina osatu zuen, eta onenetik oso gertu amaitu zuen. Mutiletan, Borja Osak bederatzigarren bukatu zuen. Oñatz Alberdik doblatu gabekoen artean, pelotoi erdia izan zen, itzulia galdu zuena. BTTtik jaitsi eta errepideko bizikleta hartuta igande goizean Usurbilen (Urbilen) izango dute benjamin, kimu eta haur kategoriek lasterketa.
Maila nagusian
Garazi Bergarak hobekuntzan jarraitzen du eta Lea Artibaiko itzulia hemeretzigarren tokian amaitzea lortu du; emaitza bikaina Zatikako txirrindulariarena. Maite Urteagak (Eulen) bere txirrindularitzako lehen denboraldian, hiru etapak osatu ditu eta pozik, parte hartutako txirrindulari guztiek ezin baitute gauza bera esan.
Mattin Salegi eta Aitor Agirre aurki izango diren Bidasoako Itzulia, Santikutzeko Klasikoa edo Balentziagaren Oroimenezkoa prestatzen ari dira. Bide horretan, Natxituan lehiatuko da Aitor Agirre (Laboral Kutxa) eta Torredonjimeko Espainiako kopako proban Mattin Agirre (Eulen).