Bi zumaiar Bidasoako Itzulian

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko api. 26a, 17:00

Aitor Agirre (Laboral Kutxa) eta Mattin Salegi (Eulen) ostirala eta igandea bitartean jokatuko den Bidasoako itzulian izango dira.

Hiru etapa izango ditu Espainiar Estatuan jokatzen den 23 urtez azpikoen itzulirik garrantzitsuenak. Irunen igandean 2024ko irabazlearen izena izango dugu. Finisherreko Haimar Etxeberria da faboritoa baina kontrario faltarik ez du izango.

Aitor Agirre eta Mattín Salegi (lehenengo urtekoa) protagonista izaten saiatuko dira. Aitor Agirrek Natxituan hirugarren amaitu ondoren sailkapena on bat lehiatzeko moduan dagoela erakutsi du. Viveros San Antonen korritutako Adur Tapia (Eiser Hirumet) ere parte hartzaileen artean izango da; bera irundarra izanik txikitako amets bat egi bihurtzera doa.

Maila bikaina juniorren klasikoan

Aratz Unanue eta Beñat Sainz maila bikainean aritu dira Nazioarteko Gipuzkoa Klasikan. Lehen etapan, Ormaiztegin, Beñat Sainz eguneko ihesaldian sartu zen. Bederatziko ihesaldian zazpi atzerritarrak ziren. Ihesaldia erabakigarria izan zen amaieran, baina helmugarako hamar kilometroren faltan, eguneko azken eta mendaterik gogorrenean, Garindik igota Mandubian gaina harrapatzeko bi kilometro falta zirneean, amore eman zuen, lehengoen erritmoari ezin eutsita. Helmugan Gregorie (Groupama) irabazlearengandik oso gertu ailegatu zen Aratz Unanue.

Bigarren etapa oso-oso bihurria zen eta ibilbideak denbora guztian ondo kokatuta korritzera behartzen zuen. Halaxe egin zuten Beñat Sainek eta Aratz Unanuek Egialo helmugan lehen multzotxoan zeharkatuz azken marra. Azkenean, 17. eta 22. postuan amaitu zuten bi gazteek Klasika, gipuzkoarren artean hirugarren eta bosgarren sailkatuz. Bi txirrindulariak lehen urtekoak dira eta Gipuzkoako selekzioarekin izango dira Nafarroako Klasikan. Larunbatean Lazkaon dute lasterketa.

Kadeteek, berriz, igandean Seguran izango dute hitzordua. Aurrekoan Lizarran korritu zuten eta joandako sei lagunek amaitu zuten karrera: Lukas Blanco, Oñatz Etxabe, Unai Egaña, Jurdan Regillaga, Jon Berasategi eta Amets Alberdik. Euskadiko txapelketaren bezperetan azken lan saioak dituzte kadeteek.

Txikienek Usurbilen izan zuten lasterketa, eta bertan neska alebinetan Mauri Lejarretak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide