Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira bihar Korta industriagunean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko mai. 10a, 16:00

Larunbat arratsaldean txirrindularitza festa handia izango da Zumaiako Korta industrigunean, Beduan. Gipuzkoako alebin eta infantil guztiak bertaratuko dira, taldekako erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketak jokatzeko. 

Kimuen mailan ez da txapelketa kontsideratzen baina igual-igual lehiatzen da lasterketa; titulo ofizialak infantil mailan banatuko dira. Infantil mailan, neskatan, sei talde lehiatuko dira. Inge Zumetak parte hartuko du talde misto batean. Infantil mutiletan 23 talde lehiatuko dira eta bertan Zumaiako Txirrindulari Eskola lau txirrindularik ordezkatuko dute: Borja Osa, Raul Flachey, Mikel Egaña eta Oinatz Alberdik. 

Kimuetan 24 talde lehiatuko dira mutiletan eta Mikel Otañok parte hartuko du talde misto batean, eta nesketan lau talde lehiatuko dira eta Zumaiako Txirrindulari Eskola ordezkatuz Mairi Lejarreta, Amalia Agirre eta Amaia Agirre izango ditugu. 

Arratsaldeko 4retan hasiko da eta 7ak aldera bukatuko da. Alebinek bi kilometroko zirkuituari hiru buelta emango dizkiote eta infantilek sei; talde bakoitzeko hirugarren txirrindulariak emango dio denbora taldeari. 

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak bertaratzen direnen arreta eskaintzeko eta kluberako sosak ateratzeko, postutxo bat ere jarriko du freskagarriekin eta pintxoekin. Hemendik gonbidapena egiten zaie guztiei gerturatzeko txirrindularitzaren festa handi honetara.

Juniorrek eta kadeteek aste honetan jai

Emakumeen Itzulia jokoan denez, ez dago baimenik beste lasterketarik egiteko. Beraz entrenatzeko erabiliko dituzte egun hauek kadeteek eta juniorrek.
Kadeteek joan den astean Arruan izan zuten lasterketa eta Lukas Blanko izan zen taldeko onena: 19. amaitu zuen: ondoren sailkatu ziren Oñatz Etxabe, Jurdan Regillaga, Unai Alberdi eta Peru Calvo (Amets Alberdik eta Jon Berasategik ezin izan zuten amaitu). Eguraldi euritsu petralarekin jokatu zen lasterketa osoa. 

Juniorrek, berriz, Arantzazuko igoeran parte hartu zuten. Lasterketa erdian hemeretzi txirrindulariz osatutako ihesaldia sortu zen eta bi minutu pasako aldearekin ekin zioten azken igoerari. Atzetik hainbat txirrindulari aurreraka hasi ziren eta Beñat Sainzek seigarren bukatu zuen. Danel Beristain 31. sailkatu zen eta Iker Eizagirrek denboraldiko lasterketarik onena egin eta 38. tokian helmugaratzea lortu zuen, eta bere egunik onena izan ez eta Aratz Unanue 42.a izan zen. Kepa Kortak ezin izan zuen lasterketa osatu. 

Datorren astean, Aratz Unanue eta Beñat Sainz Gipuzkoako selekzioarekin Lizarran izango dira Nafarroako Klasikan parte hartzen. Besteek Anoetan izango dute lasterketa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide