Neskak Gipuzkoako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko mai. 17a, 13:00

Amalia Agirre, Amaia Agirre eta Mairi Lejarretak irabazi dute taldekako kimuen mailako Gipuzkoako txapelketa.

Sei kilometroko ibilbidean eta Donostiako Leire Galiano beraiekin zutela, parte hartutako taldeen artean denborarik onena osatu zuten bigarren taldeari 10 segundo ateraz; 13 hirugarrenari. Mutilen sailkapenari begiratuta, hemezortzi talderen artean bosgarren sailkatuko lirateke. Gipuzkoako sarien artean zegoen hurrengo egunean emakumeen Itzuliko azken etapan (Donostia) podiumera igotzea eta munduko txirrindularirik onenen alboan izatea. Halaxe egin zuten eta Wollering, Reuser, Mavi Garcia, Ane Santestebanekin elkarbanatu zuten podiuma, besteak beste, eta baita argazkiak atera ere.

Mutiletan, kimuen mailan, Mikel Otañok donostiarrekin osatu zuen taldea, eta sailkapenean bosgarren amaitu zuten. Lan bikaina egin zuen Otañok, eta erakutsi zuen gero eta hobeto dabilela. Lasterketetan bost lehenengoen artean sailkatzeko moduan da beti.

Nesken haurren kategorian, Inge Zumetak talde misto batean parte hartu zuen, eta laugarren sailkatu ziren, podiumetik gertu. Mutilen haur kategorian, berriz, Zumaiako taldea Borja Osak, Oinatz Alberdik, Raul Flacheyk eta Mikel Egañak osatuta, hamahirugarren sailkatu zen. 1Hamar kilometroko ibilbidea izan zuten beren indarrak eta teknikak erakusteko. Gipuzkoa osoko 23 taldek parte hartu zuten.

Asteburu honetan, harrobikoek Astigarragan izango dute lasterketa, kadeteek ez dute probarik, eta jubenilak banatu egingo dira; Beñat Sainz eta Aratz Unanue Gipuzkoako Selekzioarekin Nafarroako Klasikoan leihatuko dira, eta Abraham Olano munduko txapeldun ohiak zuzenduko du Gipuzkoa Lizarrako lasterketan. Igande arratsaldean, berriz, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko beste hiru jubenil (Iker Eizagirre, Danel Beristain eta Kepa Korta) Anoetara joango dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide