Bertan, Zumaiako Txirrindulari Elkartuko harrobikoek parte hartuko dute. Benjaminetan: Denis Otaño eta Galder Zumeta, kimuetan Mairi Lejarreta, Amalia eta Amaia Agirre eta Mikel Otaño; eta infantiletan Inge Zumeta, Borja Osa, Raúl Flachey, Mikel Egaña eta Oinatz Alberdi. Aurreko asteburuan Borja Osa eta Inge Zumeta Euskadiko Txapelketan izan ziren; Inge Zumeta 27. sailkatu zen neskatan eta Borja Osa hamargarrena izan zen. Euskadiko txapelketara joan ez zirenak Oiartzunen BTT proban parte hartu zuten.
Antolakuntzari dagokionez, Zumaian 2024an antolatuko den azken txirrindulari lasterketa da. Otsailean, 30 urtez azpikoen eta 23 urtez azpikoen lasterketarekin hasi zen karreren egutegia. Ondoren, juniorren Euskal Herria torneokoa izan genuen; maiatzean, infantil eta alebinen taldekako Gipuzkoako Txapelketak antolatu ziren, eta joan den astean, kadeteen lasterketa. Egutegia ixteko, benjamin, alebin eta infantilen lasterketa izango dugu ekainaren 1ean, Bizikleta Egunarekin batera.
Zumaia Saria
Kadeteen Zumaia Saria oso jendetsua izan zen: 200 txirrindulari abiatu ziren, horien artean 19 neska. 140 inguruk lortu zuten lasterketa bukatzea. 56 kilometroko ibilbidea oso azkar osatu zuten txirrindulariek, 42.8 kilometro orduko, eta irabazlea esprintean erabaki zen, non azkarrena Eñaut Bilbao (Amorebieta) izan zen. Lehen pelotoian helmugaratu ziren Olatz Etxabe, Lukas Blanco, Unai Egaña Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariak. Hauengzndik gertu Jurdan Regillaga eta Peru Calvo heldu ziren. Amets Alberdik eta Jon Berasategik ezin izan zuten amaitu. Igandean Nafarroako Muriera herrian korritu zuten eta sei taldekideek zeharkatu zuten helmugako marra. Asteburu honetan Etxebarrin larunbatean Gaztetxoak Torneokoa lasterketa dute kadeteek eta igande arratsaldean Bergaran Gipuzkoako banakako erlojuaren aurkako txapelketa.
Juniorrak martxa onean
Juniorrek bere martxa onean segitzen dute. Euskal Herria Torneoko bi lasterketa gogor izan zituzten asteburuan, Amurrion eta Araian. Amurrion Aratz Unanue 14. sailkatu zen, Beñat Sainz 22. (ordezko bizikletakin amaitu zuen berea matxuratu ostean) eta Danel Beristain 35. Iker Eizagirrek lan ona egin zuen baina ez zuen amaitzerik izan, Kepa Kortak bezala. 72 txirrindularik amaitu zuten eta 76 gelditu ziren ezinean. Araian, esprintean, Beñat Sainz 10. sailkatu zen, Aratz Unanue 18. eta Iker Eizagirre 19. Lehen pelotoia 60 txirrindulari inguruz osatu zen, eta bigarren multzo batean heldu zen Danel Beristain. Bost txirrindulari bakarrik izan arren taldean, eta hamasei, hamahiru edo hamabi kide dituzten taldeen aurka lehiatuta, taldeka hirugarren sailkatu zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak. Asteburu honetan, larunbatean, Zegaman Euskadiko Txapelketa jokatuko dute. Lasterketak 86 kilometro ditu baina ibilbide horretan bost mendate izango dituzte: Lierni hiru aldiz igoko dute eta Barbari bitan. Azkena igo, jaitsi eta bi kilometrora izango dute helmuga.
Aitor Agirrek Nafarroako Itzulian podiuma zapaldu du, taldeka Laboral Kutxa izan delako onena eta Garazi Bergara eta Maite Urteaga Eibarko Uci lasterketan lehiatu dira, lasterketa bukatzea lortuz, Garazi Bergarak, gainera, Bergarako krono igoeran ohorezko hirugarren postua lortu zuen aurreko ostiralean. Zatikako txirrindulari zumaiarrak Euskaldun Torneoko azken lasterketetan podiumetik jaitsi gabe dugu, denboraldiko sasoirik onenean dagoela erakutsiz.