Etxean gozatzen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko eka. 7a, 18:00

Bizikleta Egunaren egitarauan bazuen tokia gazte, kimu eta haur kategorietako lasterketak: etxean gozatu egin zuen Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek, familiakoen eta lagunen aurrean erakutsi ahal izan zuten zeinen gustura dabiltzan bizikletan.

Abiadura bizian jokatu ziren lasterketak, eta podiuma zapaldu zuten Galder Zumetak, Amaia Agirrek eta Borja Osak. Harrobikoen denboraldia azkenetan da, Errenterian ekainaren 8an lasterketa eta denboraldi amaierakoa faltako da Donostian.

Gazteek Euskadiko Txapelketan parte hartu zuten. Zegaman jokatutako lasterketa oso oso menditsua izan zen, baina lasterketa erabaki zuen bosteko ihesaldia zelaian gorpuztu zen. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek lasterketa ona egin zuten, baina zerbait falta izan zitzaien aurrean onenekin lehiatzeko. Beñat Sainz eta Aratz Unanue multzo berean ailegatu ziren: Beñat hogeigarren sailkatu zen eta Aratz 22.a; Danel Beristain piska bat atzerago, 34. postuan eta Iker Eizagirre 51.

Taldeka laugarren sailkatzea lortu zuten, postu oso ona jakinda bost txirrindulari besterik ez direla taldean, eta Euskadiko Txapelketan hamar kide baino gehiago dituzten taldeen aurka lehiatu behar izan zutela. Beñat Sainz igande honetan Gipuzkoako selekzioarekin Bretainian (Frantzia) izango da nazioarteko lasterketa batean: goizean goiz banakako erlojauaren aurkakoa izango dute, eta eguerdian, 110 kilometro inguruko lasterketa gorabeheratsua. Beste taldekideek larunbatean Urkiolan dute lasterketa, Abadiñon hasi eta Miota hiru aldiz gainditu ondoren, Mañariatik Urkiolako gainera abiatuko da karrera. Gazteen mailan lehen aldiz igoko dute Urkiola. Mendate zaharra eta luzea, maldekin... gogorra, benetan, lasterketa!

Kadeteek erlojuaren aurka banaka neurtu zituzten indarrak Bergaran jokatutako Gipuzkoako Txapelketan. Taldeko onena Unai Egaña izan zen: zumaiarrak hobekuntza handia izan du, eta azken lasterketetan onenengandik gertu dabil. Unai Egaña 23.a izan zen, Lukan Blanco 32., Oñatz Etxabe 47., Jurdan Regillaga 50., Peru Calvo 62., Jon Berasategi 65. eta Amets Alberdi 73. Kadeteek aste honetan ez dute lasterketarik izango. Gipuzkoako rankingean 25 lehenengoetan sailkatuta izateagatik, hilaren 14ean Oñatz Etxabek eta Lukas Blankok Euskadiko erlojuaren aurkako txapelketan parte hartuko dute. Larrabetzun jokatuko da txapelketa. Larunbatean, hilak 15, kadeteek Etxarrin korrituko dute, eta igandean, hilaren 16an, Undianon.

Aizarnazabalen asteartean erlojuaren aurkakoa

Hitzordu berezia asteartekoa: arratsaldeko 18.00etan hasiko da junior mutilen lasterketarekin erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketa. Gipuzkoako rankingeko hamabost onenek parte hartu ahal izango dute, eta ondorioz, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko bi kide lehiatuko dira: Beñat Sainz (2) eta Aratz Unanue (7). 19:00etan nesken proba hasiko da, eta bi zumaiar izango dira bertan: Garazi Bergara (23 urtez azpikoetan) eta Maite Urteaga (elite mailan). 20:00etan mutilen 23 urtez azpikoen mailakoa hasiko da, eta Mattin Salegi eta Aitor Agirre zumaiarrak bertan izango dira. Aitor Agirrek tituluaren defentsa egingo du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide