Gipuzkoako Itzuli bikaina: bi maillot

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko eka. 28a, 16:00

Lehen urteko lau txirrindularirekin lehiatu da Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak Gipuzkoako Itzulian. Taldeak Itzuli oso ona osatu du (beti hobetu daiteke); emaitzak bikainak izan dira: sailkapena nagusian bosgarren bukatu du Beñat Sainzek, eta bera izan da lehen urteko lehena eta baita lehen gipuzkoarra ere. 

Itzulia Hector Alvarezek irabazi du, iaz bezala. Espainiako Selekzioko kidea da, nazioartean aurten Belgikan eta Italian garaipen garrantzitsuak lortu dituena, eta pistan Europako Txapelduna; iaztik Lidl Trek taldearekin lanean ari da. 

Viveroseko txirrindulariei dagokienez, talde lan bikaina osatu dute. Adibidez, azken egunean, etapa hasieran Danel Beristain eta Beñat Sainz erori egin ziren; zailtasunak izan zituzten tropelean sartzeko. Azken aurreko mendatean Sainz hestu hartu zuten, eta hortxe azaldu Aratz Unanue handi bat Beñat Sainzek bosgarren postua defendatzeko. Baita lortu ere! 

171 txirrindularik parte hartu dute baina 50 bakarrik izan dira sailkapen nagusiko azken zerrendan azaldu direnak; 32 taldeetatik sei besterik ez. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak laugarren sailkatu da. Itzela izan da Iker Eizagirrek, Danel Beristainek, Aratz Unanuek eta Beñat Sainzek osatutako lau etapetako Itzulia. Lehen etapan onena Danel Beristain izan zen: 2,1 kilometroko erlojuaren aurkakoan hamabigarren sailkatu zen, Beñat Sainz hamahirugarren, Aratz Unanue 22 eta Iker Eizagirre 93. 92 kilometroko bigarren etapan (43 kilometro orduko abiaduran egin zuten), Beñat zortzigarren sailkatu zen, Aratz hogeigarren, Danel 43. eta Iker 47. Etapa erabakigarria gertatu zen, nahiz eta hirugarren etapa, teknikoa eta euritsua, izan zen galbahe handia egin zuena sailkapenean, eroriko eta matxuraz betetako eguna izan baitzen. Beñat Sainz eta Aratz Unanue lehen multzoan helmugararu ziren, hamaikagarren eta hemezortzigarren postuetan, eta Danel 37. 56 txirrindularik bakarrik amaitu zuten etapa. Azken eguna erasoz beteriko eguna izan zen. Azken 30 kilometroetan bost mendate zituzten eta amaiera maldan gora: Beñat zazpigarren, Aratz hamazazpigarren eta Danel 88. postuetan heldu ziren. 

Sailkapen nagusian Beñat bosgarrena izan da irabazlearekiko 1:42ra; Aratz Unanue hamalaugarren2:24ra; eta Danel Beristain 40. 15:19ra. Lehen urteko txirrindularien artean Beñat onena izan da, Aratz seigarren, eta Danel hamaseigarren. Gipuzkoarren artean Beñat aurrena, Aratz seigarren eta Danel hamalaugarren. Gipuzkoako Itzulia bikaina egin du talde osoak!

Kadeteek Agurainen Gaztetxoak Torneokoa lasterketan parte hartu zuten. Taldeko onena Jurdan Regillaga izan zen, 47. postuan. Berekin batera helmugaratu ziren Unai Egaña eta Oñatz Etxabe. Jon Berasategik ere lortu zuen karrera amaitzea. Asteburu honetan Jurdan Regillagak, Unai Egañak, Oñatz Etxabek eta Lukas Blancok hiru eguneko Txumaren oroimenezko Itzulian parte hartuko dute.

Espainiako Txapelketetan, Aitor Agirrek egindako balentriaren oihartzuna ez  bada isildu ere, aipatu behar da Maite Urteagak 23. amaitu zuela Usoa Ostolaza zarauztarrak irabazitako lasterketa (14. Eliteetan), eta Garazi Bergara 26.a izan zen (11. 23 urtez azpikoetan,). Asteburu honetan biak Osona itzulian izango dira; hiru eguneko Itzulia da Kataluniakoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide