Harrobiak bukatu du denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko uzt. 5a, 13:00

Donostian eman diote benjaminek, kimuek eta infantilek 2023-2014 denboraldiari amaiera. Iazko urrian hasita, hilabete luzez mendiko bizikletarekin edo errepidekoarekin Gipuzkoako herrietan barrena ibili dira txirrindularitza zer den ikasten eta bizikleta dominatzen.

Oso-oso denboraldi polita osatu dute eta errematea ere halakoxea izan da. Nabamendu behar da kimu neskatan “plenoa” osatu dutela; podium osoa jantzi dute Zumaiako Txirrindulari Elkarteko mailotekin: Amaia Agirre lehena, Amalia Agirre bigarren, eta Mairi Lejarreta hirugarren. Benjamin mutiletan, Galder Zumeta eta Denis Otaño nagusi izan ziren; alebin mutiletan, Mikel Otaño bigarren izan zen eta infantiletan, neskatan, Inge Zumeta bigarren izan zen. Mutiletan, eroriko batek baldintzatu zuen lasterketa, non Zumaiako Txirrindulari Elkarteko hirurek ondorioak izan zituzten. Azkenean, Mikel Egaña zortzigarren sailkatu zen.

Orain udarako atsedena dator eta udazkenean hasiko dira denboraldi berriari begira lanean. Donostiakoa izan da Borja Osaren azken lasterketa maila honetan, datorren denboraldian kadete mailara igoko baita.

Hain zuzen ere, kadeteak izan dira asteburuko protagonista nagusiak. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeak Txumaren oroimenezkoan parte hartu du. Hiru etapa izan dira eta bertan Estatu Espainiarreko kadeterik onenekin lehiatu dira. Itzulia Unai Egañak eta Oinatz Etxabek osatu dute; Jurdan Regillagak, bigarren etapan matxura bat izan ostean, ezin izan zuen lasterketa bukatu, eta Lukas Blancok azken etapan amore eman zuen, ondoezik.

Esperientzia aberatsa izan da txirrindularientzat eta ohartu dira lan asko dagoela egiteko; lehen etapa 45,3 kilometro orduko abiaduran egin zuten, bigarrena 42,8 kilometro ordukoan, eta hirugarrena 43,2 kilometro ordukoan. Azkar dabiltza kadeteak eta ziklismoa nola aldatu den ere ederki ikusi dute: txirrindularitzako “representanteak” onenen inguruan zebiltzan. Oñatz Etxabek 75. amaitu zuen eta Unai Egañak 77. Raul Lopez kantanbriarrarengandik hamabi minutura bukatu dute. Taldeka, parte hartu duten 42 taldeetatik 24. Iizan da Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak. Asteburu honetan Tolosan izango dute lasterketa, Amaroz auzoan; amaiera oso gogorra duen lasterketa da.

Juniorrek asteburu honetan ez dute lasterketarik, baina Beñat Sainz eta Aratz Unanue azken prestaketetan dira, datorren astean Frantzian, Val´Romey Tourrean parte hartuko dute-eta. Junior mailako Tour txikia deitzen diote. Oso oso itzuli gogorra da ibilbideagatik eta parte hartzeagatik, Europako onenak bertan izango baitira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide