Kadeteen lasterketarik onena

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko uzt. 11a, 13:00

Tolosako Amaroz auzoan jokatu zuten kadeteek aste honetako lasterketa eta denboraldi honetan orain arte egin duten lasteketarik onena osatu zuten. Zazpi taldekideek amaitu zuten, bi ihesalditan sartu ziren eta taldekako sailkapenean hamabostetik bigarren sailkatu ziren.

Lasterketan jarrera aparta izan zuten Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek; hasieratik erne ibili ziren ihesalietan eta lasterketaren erdia baino lehen eguneko ihesaldia gorpuztu zenean, kideetatik bi Zumaiako elkartekoak ziren: Unai Egaña eta Lukas Blanko. Taldekideek pelotoi buruan egindako estorbo lanari esker, ihesaldiak bi minutu hartu zituen eta alde horrekin hasi ziren Altzoko maldak igotzen, eta Ibarratik Apattara doan ormari aurre egiten. 

Une erabakigarrian zortzi txirrindulari ziren buruan eta Egaña eta Blankok eutsi zioten. Altzoko maldan atzeratu ziren baina, hala ere, helmugara ohorezko postuetan ailegatu ziren. Unai Egaña bosgarren sailkatu zen, Lukas Blanko zortzigarren, Jurdan Regillaga 29., Oñatz Etxabe 46., Jon Berasategi 61., Peru Calvo 75. eta Amets Alberdi 84. 115 txirrindulari abiatu ziren eta lasterketa 89k lortu zuten amaitzea. Kadeteak izan arren, oso lasterketa azkarra izan zen, 60 kilometroak bataz besteko orduko 43,8 kilometroko abiadan osatu zituzten-eta txirrindulariek. 

Aste honetan ez dute kadeteek lasterketarik; jubenilek, berriz, igande arratsaldean Zestoan izango dute hitzordua. Zestoako lasterketan bi junior bakarrik izango dira taldea ordezkatuz, Danel Beristain eta Iker Eizagirre, beste biak, Beñat Sainz eta Aratz Unanue, Gipuzkoako Selekzioarekin Frantzian baitira Tour txikian, Valromey Tourrean parte hartzen. Goi-goi mailako lasterketa da, Europako junior mailako itzulirik garrantzitsuena, eta bertan Europako txirrindularirik onenak lehiatuko dira.

Aitor Agirre Madrilgo Itzulian da eta erlojuaren aurkako Espainiako Txapeldunak, Madrilgo Itzulia, Zamorako Itzuliarekin lotuko du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide