Lehen etapan, Aratz Unanue pelotoi nagusian heldu zen irabazlearengandik hiru minutu pasatxora. Beñat Sainz, berriz, 108.a izan zen. Arroarrak bederatzi minutu galdu zituen. Bigarren egunean, goizean goiz –8:00. a.m.–, hamabi kilometroko ibilbidean erlojuaren aurka banaka neurtu zituzten indarrak txirrindulariek; Beñat Sainz 73. sailkatu zen, 1:59ra, eta Aratz Unanue 86., 2:10ra. Arratsaldean, berriz, hirugarren etapa jokatu zuten, eta esan daiteke pelotoian egin zutela lasterketa Sainzek eta Unanuek. Iraetako Aratz Unanuek, zulatuen ondorioz, ezin izan zuen lasterketa bukatu. Beñat Sainz, berriz, 56. sailkatu zen. Sailkapen nagusian 82. tokian bukatu du Beñat Sainzek. Hemengo txirrindularitzarekin eta aurkarien mailarekin ez du zer ikusirik Frantziako lasterketak, eta balantzea ona da, asko ikasi baitute, baita jabetu ere etorkizunerako asko entrenatu eta zaindu behar dutela, junior maila Europan asko profesionalizatu baita.
Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko bi txirrindulariak datorren astean Ribera de Duero itzulian izango dira Gipuzkoa ordezkatuz. Junior mailan Estatu Espainiarrean jokatzen den itzulirik onenetakoa da. Beste bi taldekideak, Iker Eizagirre eta Danel Beristain, Villatuertako lasterketan lehiatuko dira larunbatean.
Kadeteei dagokienez, behin Gipuzkoako denboraldia amaituta, inguruko lurraldeetan egiten diren lasterketetan parte hartzen ari dira, eta gehien korritzen ari dena Jurdan Regillaga da. Bakar-bakarrik joan zen Ancinara (Nafarroa) eta lasterketa ona osatu zuen. 34. postuan zeharkatu zuen helmugako marra. Asteburu honetan Mungiara joango dira Jurdan Regillaga, Lukas Blanco, Unai Egaña eta Jon Berasategi. Aurki bigarren urteko kadeteek jubenilekin korrituko dituzte lasterketak eta bertara jubenilen artean eroso ibiltzeko pedal kolpe onarekin ailegatzea da helburua.