Frantziako Bretainia inguruetan Plouayko Sari Nagusia jokatuko dute asteburu honetan; hain zuzen, ostegunetik igandera maila guztietako lasterketak jokatuko dituzte: egokituek, juniorrek, 23 urtez azpikoek eta profesionalek, bai mutil, bai neska. Historian lehenengoz parte hartuko du lasterketa horretan Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak. Euskadi Fundazioak gonbidatuta Iparraldeko eta Hegoaldeko txirrindulariekin osatutako talde mistoa izango da han lehiatzen, Team Iparralderen izenpean; Iker Eizagirrek eta Danel Beristainek korrituko dute, iparraldeko hiru txirrindularirekin batera taldea osatuz.
Lasterketa oso gogorra da, 140 kilometroko lasterketa, zehazki; 12 kilometro inguruko zirkuitu bati 121 itzuli eman beharko dizkiote. Ibilbidea ez da lau laua, eta itzulia joan, itzulia etorri, oso gogorra egingo da; sona handiko lasterketa da hau Frantzian. Beristain eta Eizagirre lehenengoz izango dira Frantzian, eta dena berria egingo zaie, Euskal Herriarekin konparatuz oso ezberdin korritzen baita han: maila handia, abiadura, eta abar. Txirrindulari bezala gogotik sufrituko dute, baina asko ikasi ere bai.
Bestalde, taldeko beste bi txirrindulariak, Beñat Sainz eta Aratz Unanue, Ribera de Dueroko Itzulian izango dira Gipuzkoako selekzioarekin. Espainiako Estatuko junior mailako itzulirik garrantzitsuenetakoa da Ribera de Duerokoa, eta bertan junior mailako ziklistarik onenak lehiatuko dira. Denboraldi bete betea daramate Sainzek eta Unanuek, eta azken txanpan sartuta, azterketa ona izango da Gaztelako lurretako itzuli gogor hori.
Kadeteek Murietan (Nafarroa) izango dute lasterketa. Aurreko asteburuan, Mungian (Bizkaia) presentzia handia izan zuten lasterketan, baina proba horretatik nabarmentzekoa da Jon Berasategiren 36. postua. Arroarrak bigarren denboraldia du kadete mailan, iaz lasterketak amaitu ezinda ibili zen eta Mungian taldeko lehena izan zen. Garapen polita darama, eta lasterketetan hobekuntza handia izan du; inoiz etsi gabe, beti lanean jarraitu du. Jon Berasategirekin batera helmugaratu zen Unai Egaña (37). Lasterketan hiru txirrindulari ibili ziren ihes eginda,eta ihesaldi hori bertan behera uzteko Jurdan Regillagak lan eskerga egin zuen. Azkenean, 51. postuan sailkatu zen, eta 55. tokian sailkatu zen bizikletan matxura izan ostean Lukas Blanco. Aste barruan Unai Egañak Los Arcosen ere korritu du, ihes eginda ibili ondoren, lasterketa 51. postuan amaituz.