Kadeteen lasterketak aste honetan bukatuko dira, baina bigarren urtekoek jubenilekin parte har dezakete aurrerantzean, beraz, junior mailan gelditzen diren sei lasterketekin itxiko da 2024ko denboraldia.
Aurreko asteburua oso berezia izan zen juniorrentzat. Iker Eizagirrek eta Danel Beristainek,Team Iparraldearekin talde mixtoa osatu eta Plouay-eko sari nagusian parte hartu zuten. Ez zuten 140 kilometroko lasterketa gogorra bukatzea lortu. Gehien Danel Beristainek iraun zuen, baina 30 kilometroren faltan amore eman zuen. Groupamako hiru taldekidek osatu zuten podiuma, orduko 41 kilometroko abiaduran osatutako lasterketa gorabeheratsuan.
Zumaiako Txirrindulari Elkarteko bi txirrindulariek esperientziaz eta irakaspenez beteta ekarri zuten maleta etxera. Inoiz ahaztuko ez dituzten bizipen aberasgarriak batu dituzte, beraien pertsona eta txirrindulari garapenerako lagungarriak diren bizipenak. Hotela, adibidez, Laboral Kutxa eta UAEmirateseko neskekin elkarbanatu dute. Lasterketan Frantziako eta Europako korritzeko modua ezagutu dute. Ikaspen hauek guztiak baliagarriak izango zaizkie etorkizunerako.
Aratz Unanue eta Beñat Sainz Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu dira Dueroko Erriberan, hiru eguneko itzulian. Uste baino maila apalagoan hasi zuten itzulia, pelotoian ondo kokatuta joatea garrantzitsua izaten baita lasterketaren garapenean ondo sartuta joateko, eta maila handiko lasterketetan hutsegite txiki horiek garesti ordaintzen dira. Lehen etapan Beñat Sainz 71. sailkatu zen, eta Aratz Unanue 108.
Bigarren etapak Laguna Negra mendate luze eta gogorrean zuen amaiera, eta Beñat Sainz ia 6 minutura helmugaratu zen 42. postuan. Aratz Unanue 83. izan zen, ia 12 minutura. Sailkapen nagusian, Aratz Unanue 54.a izan da eta Beñat Sainz 67. Lasterketa 125 txirrindularik amaitu zuten.
Asteburu honetan bi lasterketa izango dituzte juniorrek, Ibarran larunbatean eta igandean Beasainen. Beasaingoa estatu mailako lasterketa da, eta bertan, estatuko juniorrik onenak, Pericasek, parte hartuko du, baita Zafra Espainiako txapeldunak ere. Maila oneko ziklistak izango dira lehian.
Kadeteek, Murietan eta Lakuntzan izan dituzte azken lasterketak. Murietan haizeak bortitz astindu zituen bazterrak, eta zekitenek lasterketan haize babes edo abanikoak antolatu zituzten. Emaitzaz haratago, Gipuzkoan horrelako egoerarik ezin denez sortu, lasterketa oso ona izan zen ikasteko. Oñatz Etxabek 42.egin zuen, eta Unai Egañak 44. eta Lukas Blancok 49. amaitu zuten. Finlandiar batek irabazi zuen.
Lakuntzan lasterketa ona egin zuten bertaratutako Jon Berasategi, Unai Egaña eta Amets Alberdik. Ondo kokatuta eta pelotoiaren aurrean osatu zuten lasterketako lehen zatia. Jon Berasategi izan zen taldeko lehena Lakuntzako helmugan, arroarrak 34. amaitu baitzuen. Unai Egaña 43. izan zen, eta Amets Alberdi 69.
Ibarrako juniorren lasterketan Jon Berastegi, Lukas Blanko eta Oñatz Etxabe kadeteek jubenilekin korrituko dute.